MUSIKA

Izaro kantariak kontzertua eskainiko du, Arriaga Antzokian

Izaro kantariak Eason bere bigarren diskoa aurkeztuko kontzertuan, gaur, martxoaren 8an, Arriaga Antzokian, eta modu honetan bira berriari hasiera emango dio. Loraldia jaialdiak ikuskizun honekin bat egiten du, eta bere programaren barruan dator.

Om lanarekin arrakasta izan zuen, eta  bilduma onenen zerrendetan sartu zen. Bere kontzertuak intimoak eta ederrak dira, eta bere musikak eztitasuna, sentsibilitatea eta karga poetiko izugarria transmititzen ditu, agian horregatik, Izaro euskal eszenako figura zirraragarrienetako bat bilakatu da.

Honela definitu du kantariak Eason lan berria: “Bigarren lan hau lehenengoa baino kontzienteagoa da zentzu askotan: banekien bigarren hau etortzea nahi nuela, banekien norekin egin, nola, nondik eraman nahi nuen eta banekien zertarako. Baina lehenengo lan hartan bezala ez nekien nora, eta utziko diot denborari azken hori erabakitzen. Aurkitze bat kontatu nahi izan dut disko honetan, nire buruaren aurkitzea. Batzuk askotan aurkitzen dute norbera, modu askotara eta leku askotan; beste batzuk ez dira inoiz aurkitzen. Askotan, alde egiten dugu beste herri eta hiri batzuetara aukera berriak aurkitzeko asmoz, konturatu gabe, akaso, gure burua aurkitzera goazela. Ni behin baino gehiagotan aurkitu naizen arren, bereziki presente daukat Donostian aurkitu naizenekoa. Disko honetan bildu dut aurkitze hori, galduta zaudela konturatzetik zoriontasunera. Sosegua eta perspektiba. Nahiko nuke lan honekin entzule bakoitza bere aurkitze propioekin konektatzea.”

Arriagatik igaro ostean Victoria Eugeniara joango da, eta gero Madril, Bartzelona, Galizia, Mexiko, eta beste hiri batzuk bisitatuko ditu.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button