LITERATURA

Elkar argitaletxearen udazkeneko uzta

Elkar argitaletxeak udazkeneko nobedadeen berri eman du: Alaine Agirreren bigarren nobela, Jasone Osoren eleberri berria, Xabier Montoiaren ipuin-liburua, Karmele Jaioren poemategia, Zaldi Eroaren komikia…

Alaine Agirre bermeotarrak X hil da izenburuko nobela plazaratuko du: “Herio eta galbide bakoitzaren atze-aurre guztiak xeheki aztertzen ditu nobela honetako protagonista eta narratzaileak”.

Jasone Osororen eleberria, berriz, 12etan bermuta izenburupean kaleratuko da, eta emakume baten bizitza du ardatz, ondoan izan dituen lagunekin elkarrizketan. “Solasaldi horiek guztiak bere buru barnean gertatzen dira ordea, bera ohean dagoen bitartean, Edith Piaffen kantak entzuten…”.

Xabier Montoiaren ipuin-bilduma berria da Hondamendia, izan ere, kontakizun guztiak txikizioa eta gainbeheraren inguruan harilkatzen dira.Bi parte nagusitan dago zatituta: lehenengoan, planetaren historian zehar, une eta leku jakinetan gertaturiko deskalabruak kontatzen zaizkigu. (..) Bigarren partean, berriz, gaur egun edo etorkizun hurbil batean kokaturiko hondamenak agertzen zaizkigu”.

Elkar argitaletxean udazkeneko uztak, gainera, beste bi nobela berri biltzen ditu, Kearen fiordoa (Iñaki Petxarroman) eta Laranja bat zaborretan (Patxi Zubizarreta), bai eta poema-liburu bi ere: Babeserako kopia (Goizalde Landabaso) eta Orain hilak ditugu (Karmele Jaio).

Urrezko Biblioteka sailaren barruan ere, bi nobela izango dira: Laurence Sterne-ren Bidaia sentimentala, Josu Barambonesek itzulia eta Virginia Woolf-en Farorantz, Anton Garikanok itzulia.

Amaitzeko, Zaldi Eroa komikigileak De Rerum Natura 6 plazaratuko du: “Eguneroko errealitate aldakorrari txinpartak ateratzen jarraitzen du, bere sormen beti bizi eta sentsibilitate erneari esker: kultura, politika, erlijioa, gizartea, hizkuntza… edozer izan liteke gogoeta harrigarri, dibertigarri edo hunkigarri baterako bide”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button