BESTELAKOAK

“La Nuit des idées”, mugak gainditzen dituzten ideiak

Bihar eta etzi, urtarrilaren 24an eta 25ean, Azkuna Zentroak eta Euskal Herriko Unibertsitateak La Nuit des idées ekimena abiaraziko dute. Institut français-ek bultzaturiko hitzordua  (bost kontinenteetako 50 herrialdetan aldi berean egiten dena) “mugak gainditzen dituzten ideiak eta pentsamenduak trukatzeko, ikasteko, aurkitzeko eta haietaz hitz egiteko” antolatu da.

La Nuit des idées, pentsamendu garaikideari buruzko nazioarteko hitzordua, Bilbon izango da lehenengo aldiz. 2016. urtean sortu zen “etorkizuneko mundua irudikatzeko”. 
2017. urtean ekimenak Frantziako mugak zeharkatu zituen eta bost kontinenteetako 50 herrialde baino gehiago bildu zituen, eta mila hizlari inguru aritu ziren, Guztion mundua gaiari helduta, kultura-zentro, liburutegi, unibertsitate, ikastetxe, arte-museo, zinema-areto, ospitale eta espazio alternatiboetan.

Azkuna Zentroan, generoko ikuspegia espazio publikoan izango da hausnarketaren ardatza, eta horretaz mintzatzeko Marianne Blidonek hitzaldi bat eskainiko du bihar: La ville au féminin. Politiques urbaines et pouvoir de l’imagination (Hiria femeninoan. Hiriko politikak eta irudimenaren boterea). Adituak emakumeek hirian izaten dituzten erronka politikoak, ekonomikoak eta sozialak azalduko ditu.

Urtarrilaren 25ean, Bilboko Bizkaia Aretoan beste hitzaldi bat izango da: La transmission des savoirs, l’éducation de demain face aux changements technologiques et à la révolution numérique (Jakintzaren transmisioa. Etorkizuneko hezkuntza aldaketa teknologikoen eta iraultza digitalaren aurrean). Denis Kambouchner filosofo eta historialari frantziarrak eta EHUko Simon Peña, Ander Gurrutxaga eta Alfonso Unceta soziologoek batera jardungo dute.

Hitzaldiak, 19:00etan izango dira.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button