IKUS-ENTZUN

Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren XXI. Astea larunbatean hasiko da

Emozio handien zaleak, Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren XXI. Astea hasteko irrikan daude. Urtero legez, genero horretako film luze eta film labur berrienak izango dira ikusgai jaialdiko Sekzio Ofizialean.

Beldurrezko zineman aurten ikusmin handiena sortu duten filmetariko bi emango dira, Ingalaterrako Monsters (2010), Gareth Edwards-ena, eta Amerikako Estatu Batuetako El ultimo exorcismo (The Last Exorcism, 2010), Daniel Stamm-ena.
Foro eta webgune guztiak mintzo dira Monsters filmari buruz eta hainbatek azken urteetako munstro-film hoberentzat ere jotzen du. El último exorcismo, bestetik, Eli Roth-ek ekoiztua, dokumental itxuran atondu da Cotton Marcus-ek egingo duen azken exorzismoaren istorioa azaltzeko.

Horiekin batera eta, urtero legez, genero honetan aurten egin diren filmik garrantzitsuenak izango dira: Dream Home (2010), Australiako The Clinic (2009), Amerikako Tucker & Dale vs. Evil (2010) dibertigarria eta urteko zinema europar nabarienaren lagin batzuk, hala nola, Alemaniako Die Tür (2009), Belgikako Vampires (2009) edota A Serbian Film (Serbia, 2009) basatia, zalantzarik gabe, inor epel utziko ez duen urteko filmik polemikoena.
6.000 euroz hornituriko Film Luze Onenarentzako Ikusleen Saria lortzeko lehiatuko diren film dezente dago.

Bosgarren urtez, gainera, Komiki Jardunaldiak egingo dituzte jaialdiarekin batera, eta, ohi bezala, umeek euren txokoa izango dute egitarauan.
Betiko legez azazkalak jateko abagune paregabea Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren XXI.Astea.

Donostia Kulturak bidalita

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button