MUSIKA

Zakillers Irunen, eta The Lurkers Bermeon

Bihar, urriak 12, bi kontzertu izango dira Irunen eta Bermeon. Gipuzkoa aldean Zakillers eta Can’t Explain talde gipuzkoarrek joko dute Irungo La Kaxita gaztetxean. Kontzertua Izorrabedipilarica Fest!! lelopean egingo dute. Bermeon, berriz, 70eko hamarkadako The Lurkers punk talde ingelesak joko du Safety Pins punk-rock talde bilbotarrarekin batera.

Irungo kontzertua nabarmentzeko arrazoi nagusi bat dago. Izan ere, Zakillers taldean Sexty Sexters taldean arituriko zenbait musikarik jotzen dute eta egitasmoaren estreinako emanaldia izango da biharkoa. Mikel Larretxek kontzerturako egin duen kartel ederrean irakur daitekeenez, “Sexty Sexte-reko zenbait partaide metanfetaminan igurtziak”.

Zakillersekin batera, Orio eta Usurbilgo musikariek osaturiko Can’t Explain taldeak joko du. Banda horrek “rock aske eta eskizoa” jotzen du eta Army-Armak izenburuko diskoa aurkeztuko du. Kontzertuen ostean, DJ Leku arituko da diskoak jartzen.

Bermeoko kontzertuari dagokionez, The Lurkers punk talde ingeles mitikoa eta Safety Pins bilbotarrak Nuntxaku-Kapilla areto autogestionatuan joko dute. Nuntxakuko kideek bidalitako oharrean jasotzen denez, “The Lurkers taldea 1976an sortu zen Londresko mendebaldean, New York Dolls, MC5, The Stooges edo The Ramones taldeen eraginarekin, eta punkaren aitzindarietakoa izan zen Britainia Handian. Beggars Banquet zigiluan sartu zen lehen taldeetakoa izan zen, eta Shadow lehen singlea garaiko klasiko bihurtu zen”. Hortaz, punk rock zaleek badute biharko hitzordu interesgarria. Ingelesekin batera, Mikel Biffs bilbotarrak zuzenduriko Safety Pins hirukotea izango da. Talde honek AEBetako punk rock-etik eta Killed By Death bildumetatik edaten du. Biffs-ekin Iñaki Guantxe (Lobo Electrico, Inoren Ero Ni) bateria-jotzailea eta Dabid Gil (Surfin Kaos) baxu-jotzailea izango dira.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button