musika

Willis Drummond taldeko Jurgi Ekizak Bilboko Euskararen Etxean joko du

Willis Drummond taldeko Jurgi Ekizak Bilboko Euskararen Etxean joko du

Willis Drummond taldeko gitarra eta abeslari Jurgi Ekizak (Baiona, 1980) iaz kaleratu zuen Ekiza (Bidehuts) bere bakarkako ibilbidearen estreinako urratsa. Lan horren finantzaketan lagundu zutenentzako kontzertu berezia egin zuen, Amanita estudioan, iragan urteko irailean. Saio akustiko hura laster plazaratuko du, Ekizak berak abiatutako Ipar Orratza zigiluaren bitartez.

Jurgi Bilboko Euskararen Etxean arituko da martxoaren 23an, 19:30etik aurrera. Horretaz gainera, Willis Drummond taldearen azken lan Tabula rasa ere aurkezten ari da zuzenean.

Ekizak bere unibertso pertsonalena, biluziena, islatzen du bakarkako egitasmoan. Hala, bakarka egindako kantuetan garapen luzeak nagusitzen dira, tarte lasai eta intentsuagoak uztartuz. Askotan, une kasik isiletan ere murgiltzen da. Entzunaldi aunitz exijitzen dio entzuleari, eta kantautore giroak eta rock pasarteak lotzen ditu.

Anari musikari azkoitiarrak hauxe idatzi zuen Ekiza diskoaren harira: “Norbait begien aurrean biluzten denean, norbaitek dena erakutsi nahi dizunean, beste aldera begiratzen duzu. Ez gaude ohituta biluziari aurrez-aurre begiratzen. Gordina da, benetakoa, benetakoegia da, beroegia, hotzegia. Horrelako zerbait gertatzen da Jurgi Ekizaren diskoarekin”.

Jurgik ez dio bere buruari mugarik jartzen bakarrik aritzen denean, eta kantuak eta hitzak egiterakoan, bat-batekoari erreparatzen dio gehien; alegia, espontaneoki aritzen da barruan daukana azaltzeko.

Nontzeberri-k bidalita // 2017-02-15 · 09:19:10

Bidali zure albistea >>