EZLEKUBAT

Umida Ahmedova, bere herrialdearen egunerokotasuna erretratatzeagatik zentsuratua

Atzo aurkeztu zituzten BilbaoArten Uzbekistango argazkilaria eta zinemagilea den Umida Ahmedovak Bizkaian egindako argazkiak eta gerraren haurren inguruan egindako dokumentala. Aurkezpena zentsuratutako artistei laguntzeko beka programaren barruan dago.

BilbaoArtek, BBKren laguntzarekin, euren herrialdeetan zentsuratuak edo jazarrita dauden artistentzako beka bat ematen du. Hori da hain zuzen ere, Umida Ahmedovari gertatu zaiona.

Umida Uzbekistango izen handiko zinemagile eta argazkilaria da. Iraungitako Sobietar Batasuneko Zinematografian titulatutako lehen emakumea da eta bere argazkiak gisa, hiri eta nekazal gaien gainekoak izaten dira.

Tradizio eta kultura ezberdinen eta Uzbekistango muga modernoen barruko eguneroko gertakarien gainean egiten du lan. Horrela, bere senarrarekin, Oleg Karpov zinema zuzendaria, Birginitatearen kodea laburmetraia egin zuen, emakumeak birjinak direla jakiteko egiten den erritualari buruzkoa, alegia.

Oraingoan gurera etorri da gerra garaiko haurrei buruzko dokumentala egitera eta bide batez Bizkaiko paisaiak erretratatzera. “Espaniar Estatuko haur asko joan ziren Errusiara. Nire amaren bizilagun bat adibidez, gerrak utzitako umezurtza da. Jende horrekin biltzea erabaki nuen oso zaharrak baitira eta euren testigantza oso garrantzitsua baita”, esan zuen atzo Bilbon Ahmedovarik.

Uzbekistandarrak Bilbon ateratako argazkiak turistikoegiak izateko beldurra zuela aitortu zuen, baina “jende horrekin hitz egin eta gero, kamera haien begietan bihurtu zen”, adierazi zuen.

Jazarpena Uzbekistanen

2009ko Abenduaren 16an Umida andereak bere argazkiekin argitaratutako liburu baten ondorioz, “Uzbekistango nazioa iraintzea eta difamatzea” leporatzen ziotela jakin zuen.

Emakumeak eta Gizonak:egunsentitik ilundu arte, herrialde horretako biztanleriaren bizimodua erakusten duten argazki bildumak, eta Birginitatearen kodea laburmetraiak “Uzbekistango herria iraindu eta difamatzen dutela” esaten zuen akusazioak.

Umidak zergatia ulertzen duela esan zuen BilbaoArten emandako prentsaurrekoan: “jendearen pentsaera ireki nahi duzu eta gobernuak beldurra die horrelako aldaketei”. Gainera, birjinitatearen gaia tabua da Asia Erdialdeko herrialde horretan eta tradizio hori ere zalantzan jartzea zuzendaria jazartzeko beste aitzakia bat izan daiteke.

2010eko urtarrilaren 23an, Tashkent-eko, Uzbekistango hiriburuko, barrutiko epaitegiak errudun deklaratu zuen, aldi berean auzitegi buru zuen epaileak indultatu zuen arren. Azkenean, herrialdeko independentziaren 18. urteurrenaren ospakizunean amnistia eman zioten.

“Beldurra dut baina kartzelara ez joateko esperantzak ditut. Niretzako oso garrantzitsua da beldur hori gainetik kentzea”, adierazi zuen Umidak.

Umida Ahmedovaren argazkiek balio artistiko nabaria dute eta artista bera kultur erreferentea da nazioarteko komunitate profesionalarentzat Asia Erdialdean.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button