BESTELAKOAK

Argazkigintza eta literatura uztarturik, “Photohitzak” tailerrean

Txelu Angoitiak Photohitzak tailerra zuzenduko du Bilboko Foru Liburutegian otsailaren 5etik apirilaren 30era. Izena emateko epea zabalik dago urtarrilaren 29ra bitartean.

Irudi bat mila hitz baino gehiago adierazteko gauza baldin bada, hitz batek hamaika irudi iradokitzeko gai ere izan daiteke. Literaturak eta argazkigintzak bikote emankorra osatzen dute: batak proposatzen duen bitartean, besteak adierazten du. Hitza eta argazkiaren eginkizunak, batzuetan, nahasten dira, bestetan, berriz, osatu, giro bakar batetan murgiltzeko.

Tailerraren helburuak honakoak dira: Irudietatik abiatuta adierazten ikastea (aukeraketa eta sekuentziazioa, argazkien bidezko kontaketa, ikus-baliabideak, etab.); argazkiak ulertzen ikastea ikusmenezko hizkeraren kodeak aztertzen; eta hitza eta irudia bat egindako proiektua sortzea.

Horretarako hainbat atal landuko dira tailerrean: literatura eta argazkigintzaren arteko harremanen historia laburra; bien arteko elkarreragiketak eta hierarkiak; argazkigintza eta literaturaren elkarren arteko ekarpenak; argazki nobela, gizarte mailako inplikazioak dituen masa-fenomenoa; testua eta irudia ikus-entzunezko baliabide berrietan; argazkilaria eta idazlea, pertsona bakarra denean: Juan Rulfo, Alberto García; argazkigintza literaturaren gai bezala: Julio Cortazar, Italo Calvino, John Berger, Adolfo Bioy Casares, etab.

Tailer honek bi atal izango ditu: teoriko eta praktikoa. Atal teorikoan, edukiak izango dira aztergai. Praktikoan, berriz, partaide bakoitzak banakako proiektua garatzen joango da literatura eta argazkigintza uztartzen. Horretarako ikasleak testurik aukeratuko du (eleberria, olerkia, abestia, etab., norberak ala beste norbaitek idatzita), inspirazio iturri gisa erabiliko dena argazki-proiekturik gauzatzeko. Argazki zein argazki-liburu batetik abiatuta literatur proiektua garatzeko aukera ere izango da. 

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button