eszena

Makina bat ikuskizun Amorebieta-Etxanoko Zornotza Aretoan

Makina bat ikuskizun Amorebieta-Etxanoko Zornotza Aretoan

 

Hogeita hamar ikuskizun baino gehiago taularatuko dira Amorebieta-Etxanoko Zornotza Aretoan kultur denboraldi berriko programazioaren barruan. Dantza, antzerkia, musika, zinea eta familientzat eta umeentzat prestatutako ikuskizunek osatuko dute denboraldi kulturala.

Gaur bertan abiatuko da programazioa Francoren bilobari gutuna antzezlanarekin. Artedrama  (Bizkaia), Le Petit Théâtre de Pain  (Lapurdi) eta Dejabu Panpin Laborategia (Gipuzkoa) hirugarrenez elkartu dira, Errautsak  eta Hamlet aurkeztu ostean, Francoren bilobari gutuna estreinatzeko. Unai Iturriaga eta Igor Elortzak bertsolariek idatzia eta Ximun Fuchsek zuzendua, joan den urtean aurkeztu zuten obra Luhusoko Harri Xurin. Obraren aktoreak: Ander Lipus, Patricia Urrutia, Manex Fuchs, Zoila Berastegi, Urko R. Pescador, Erika Olaizola eta Pako Revueltas. Antzezlanak Gerra Zibila bizi zutenen osteko belaunaldiengan izandako eragina du aztergai. Hala, Frankismoak eragindako zama edo motxila anitz agertuko da oholtzan, pertsonaia bakoitzak berea erakutsiko baitu.

Antzerkiarekin jarraituz, hamabi izango dira taularatuko diren antzezlanak, horietatik hiru familiei zuzenduta, tartean Atte hil aurretik antzezlana, Beheko Larraine taldeak antolatua. Bertan, Maxus eta bere biloba Aneren istorioa kontatzen zaigu, non lehenak bigarrenari gauero ipuin bera kontatzen zion. Amona joan ostean, bi hilabetez ipuin hori berriz entzun gabe, benetako esnahaia aurkituko dio komediak eta tragediak markatutako antzezlan honetan.
3 eta 18 urte arteko gazteentzat antzerkirako gunea den Zugan ni gazteen antzerkiaren X. edizioa ere burutuko da.

Beste aldetik, datozen hilabeteetan, Zornotza Aretoan KINE zineklubeko lau ziklo ikusi ahal izango dira.  Ziklo bik Euskolabela izango dute, beste batek Ongi etorri errefuxiatuak izango du izena eta azkenak Emakumearen Egunaren inguruan emakumeen gaia landuko du. Euskal film labur onenak biltzen dituen Kimuak 2016 ere ikusi ahal izango da. 

Musikari dagokionean, Zornotza Aretoak Musika Gertu (Basauri, Leioa, Zornotza) zikloa bilduko du beste behin, Dead Combo talde portugaldarraren eskutik. Dantzak ere bere lekua izango du Zornotza Aretoan, familia osoari zuzenduta dagoen ikuskizun bati esker. 

Programazio osoa hemen eskuratu daiteke.

VK Komunikazioa-k bidalita // 2017-01-20 · 09:32:11

Bidali zure albistea >>