IKUS-ENTZUN

“Euskal Harriaren ABDak” filma Euskaltzaidian aurkeztuko dute

Euskal Harriaren ABDak euskarazko film kolektiboa Euskaltzaindiaren egoitzan, Bilbon, pantailaratuko dute ostiralean, azaroak 13, 20:00etan.

Katihotsak Logia kultur elkarteak sustatua, ikus-entzunezko ekimen horretan  26 zuzendarik parte hartu dute. Zinegileok beldur, zientzia fikzio eta fantasiazko film laburrak egin dituzte, eta gero, Euskal Harriaren ABDak film kolektiboan bildu.

Katihotsak Logia kultur elkarteak euskal alfabetoko 26 hizkiak hartu, eta 26 zinegileren artean banatu zituzten (profesional eta amateurrak, bai eta lehen aldiz kamera bat hartu dutenak), letra horietatik abiatuta, beldurrezko, zientzia fikziozko edo fantasiazko lan laburrak egin zitzaten.

Euskaltzaindiaren arabera, “zazpi lurraldeetako zinemagileak nahi zituzten (Katihotsak Logia kultur elkartekoek), bakoitza bere aldetik lanean, 26 film laburrez osatutako film bat egiteko. Jarri zitzaizkien baldintza bakarrak hauek izan ziren: laburrak euskaraz grabatzea, euskal elementuetan oinarrituak egotea eta Euskal Herrian ekoitziak izatea”.

Ostiral horretan, gainera, Euskal Herriko gainerako lurraldeetan ere ikusteko parada izango da: Araban, Oihaneder Euskararen Etxea (Gasteiz), 18:00etan; Gipuzkoan, Guardetxea (Donostia), 21:30ean; Lapurdin, Atalante zinegela (Baiona), 20:30ean; Nafarroan, Euskaldunon Biltokia (Iruñea), 21:30ean; Nafarroa Beherean, Gamarteko Lehengo Eskolan (Gamarte), 20:30ean; eta, azkenik, Zuberoan, Zinka Ostatua (Maule), 21:00etan.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button