MUSIKA

“Mareak Jaialdia” estreinakoz egingo da Bermeon

Mareak izeneko jaialdia egingo da lehendabizikoz Bermeon, urrian. Ekimenak sei emanaldi bilduko ditu, Bizkaiko kostaldeko udalerriko hainbat tokitan egingo direnak, eta askotariko talde eta artistak entzun eta ikusi ahalko dira.

Jaialdiaren lehenengo hitzordua urriaren 9an izango da. Egun horretan, Aita Guria belaontzian Mmatarrak arituko dira, 19:30etik aurrera. Antolatzaileen arabera, proiektu horrek ahotsa, soinua, hitza eta egile euskaldunen testuak uztartzen ditu; Anari eta Inoren Ero Ni taldeetako musikarien egitasmo paraleloa da.

Biharamunean, urriak 10, Javier Corcobado & Aintzane Aranguena arituko dira Nestor Bastarretxea aretoan, 20:30ean. Amodiozko abesti batentzako poemak izenburuko ikuskizuna aurkeztuko du bikoteak, zarata, poesia eta ikus-entzunezkoak nahasten dituena.

Urriaren 11n, Charo Pita eta Clara Pinok Ilunabar atlantikoa. Lur berdeetako kantak eta ipuinak izenburuko emanaldia egingo dute Arrantzaleen museoan, 12:30ean.

Hurrengo egunean, urriak 12, Eugene Edwards musikari estatubatuarrari buruzko dokumentala pantailaratuko da Beleza Malandra tabernan, 19:30ean. Edwards 16 Horsepower gothic-country-rock taldeko musikaria izandakoa da, eta bakarkako ibilbide oparoa egin du Wovenhand izenpean.

Amaitzeko, urriaren 13an eta 14an, atzerriko artistekin ondutako bi emanaldi izango dira, Culto of Youth eta Harlan T. Bobo, hurrenez hurren. Lehenengoak, Beleza Malandran joko dute, 19:30ean, New York hiritik datoz, eta nortasun handiko taldea da: punka, psikodelia eta folka nahasteko gaitasun ikaragarri erakusten du taldeak. Bigarrenik, Harlan T Bobo Nestor Bastarretxea aretoan joko du, 20:30ean. Memphis hiriko musikaria da, eta hainbat taldetan jo du. Horretaz gainera, makina bat disko plazaratu ditu bakarka. Rock-and-rolla, countrya eta soula uztartzen ditu bere kantuetan.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button