LITERATURA

Askotariko fauna poetikoa

Animaliek kurrituko dituzte Bilbaopoesia Literatura Jaialdiaren XIII. edizioko pasilloak, mota guztietako idatzi eta askotariko faunarekin. Gaur bertan abiatuko da ekimena, Kirmen Uribek eta Quique Gonzalez kantautoreak Bidebarrietako Liburutegian eskainiko duten kontzertu-errezitaldiarekin (20:00etan).

Errezitaldiek beteko dute egitasmo literarioaren ia programazio osoa, eta Felipe Benitez Reyes, Jose Corredor-Matheos, Olvido García Valdes, Joan Margarit, Valerie Mejer (Mexiko) Bob Holman (EEBB), Jacques Roubaud (Frantzia), Kirmen Uribe, Harkaitz Cano edo Jose Fernandez de la Sota izango dira, besteak beste, Bilboko Bidebarrietako Liburutegian, urriaren 13tik 23ra egingo den BILBAOPOESIAren edizio honetan.

Kirmen Uribek eta Quique Gonzalez kantautore madrildarrak egingo duten Egun euritsuen ostean izeneko kontzertuarekin hasiko dira gaur topaketa poetikoak, 20:00etan, Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan.

Hala ere, Gabriel Aresti poeta bilbotarra izango da BILBAOPOESIAren irekiera jardunaldiaren protagonista, bihar bertan (1933an idazlea jaio zen egunarekin bat etorriz) animaliak protagonista diren bere zenbait poema irakurriko dira. Ekitaldia Francisco Javier Rojo literatur kritikariak aurkeztuko du, eta, gainera, Ander Lipus eta Miren Gaztañaga antzezleak eta Xabi Strubell gitarra jotzailea ere arituko dira.

Urriaren 17an, Bob Holman (EEBB) poeta, zinegile eta performerrak, Jacques Roubaudek (Frantzia, 1932) eta Harkaitz Canok (Lasarte-Oria, 1975) egingo dute errezitaldi inprobisatua errepikapenetan oinarritua.

Beste diziplina batzuk ere, musika, antzerkia, pintura edo dantza, ikusteko parada egongo da Giraluna poesia eta dantza taldearen A tientas ikuskizunarekin. Halaber, urriaren 23an, Galatea taldeak Las tortugas comen aceitunas poesia-musika ikuskizuna eskainiko du. Eta Agurtzane Sololuze artista eibartarraren pintura erakusketa ikusi ahalko da urriaren 13tik 23ra. Ikusiko diren lanetan artistaren trazuak eta Harkaitz Cano, Luigi Anselmi, Miren Agur Meabe, Iñaki Irazu, Arantxa Urretabizkaia, Kirmen Uribe, Tere Irastortza eta Bernardo Atxagak eskuz idatzitako poemekin nahasten dira.

Umeentzat ere poesia lehiaketaren bederatzigarren edizioa egin da eta lehiaketaren sariak, urriaren 23an (12:00etan) banatuko dira, eta saritutako poemak irakurriko dira.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button