bestelakoak

“Meatzaleak”, garenaren minerala ateratzeko ekimena

“Meatzaleak”, garenaren minerala ateratzeko ekimena

Hilean behin, asteazkenez, eta ekinera bitartean, euskal kulturako sortzaile zenbait bilduko dira Azkuna Zentroan, hainbat diziplina, sormen lan eta sorkuntza prozesuren bidez, Bilbo munduan zer-nolako kokapena duen hausnartzeko, “sakonean daudenak eguzkiratzeko”. Kultur adierazpide askotariko sortzaileen solasaldiak Leire Palaciosek gidatuko ditu Meatzaleak: Ilunpetik argitara izenburupeko jardunaldian. Topaketa guztiak euskaraz izango dira.

Artea, identitatea, gorputza eta hizkuntza parametroetatik abiatuta beste gai asko jorratuko dira, hala nola, musika, hedabideak, gorputza eskenatokian, kultura, identitatea eta hiria, arkitektura, arte plastikoak edo bertsolaritza, hitzaldiak, mahai-inguru didaktikoak, elkarrizketak eta zuzeneko emanaldiak tarteko.

Bilbo, Euskal Herria eta mundua kontatu nahi dira kultur adierazpide askotariko sortzaileen jakintza eta iritzien bidez, eta horretarako programa zabala osatu da udara bitartean. Jardunaldia datorren asteko asteazkenean, 18an, hasiko da arratsaldeko 19:00etan, Fermin Muguruzarekin. Kantariak ibilbide geografiko-musikala aurkeztuko du Bilbo-BCN-Belfast-Berlin-Beirut-Bogotá titulupean, eta horrek bidea emango du dokumentalez, literaturaz eta musikaren industriaz berba egiteko.

Datozen hilabeteetan, besteak beste, Nagore Uriarte eta Errota digitala, Lutxo Egia eta Inun, Onintza Enbeita eta Ander Lipus, Haizea Barcenilla, Ander Gortazar eta Leire Milikua bilduko dira, ekitaldi bakoitzean gai baten pean jarduteko.
Hala kazetaritza digitala, gorputzaren jarrera jardun ohikoetan, urbanismoa eta arkitektura hiriak aldatzeko tresna gisa, edota bertsolaritza izango dira tratatuko diren gaietako batzuk.

Ilunpetik argitara aterako gara.

Nontzeberri-k bidalita // 2017-01-12 · 13:19:51

Bidali zure albistea >>