ARTEA

“Hamahiru”, arte garaikidearen erakusleiho kolektiboa Tabakaleran

Donostiako Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroan, Tabakaleran, “Hamahiru” erakusketa kolektiboaren hirugarren edizioa inauguratu da. 13 artistek osatutako ekimena izanik, hortik eman zaio erakusketari izenburua.

Abenduaren 14ra arte ikusgai egongo den ekimen honetan parte hartuko duten artistak, hartara, Ainhoa Lekerika Obieta, Ander Pérez Puelles, Ane Rodríguez Zaitegi/ Anemotorazing, Clara Elizondo, Esti Ibarra, Ibon Landa Amutxategi, Ignacio Saez, Javier Rodriguez Perez-Curiel, Miel Oyarzabal, Mikel Ruiz Pejenaute, Miren Candina, Natalia Suarez Ortiz de Zarate eta Santiago F. Mosteyrin izango dira. Komisario lanetan ibili dira, halaber, Jose Ramon Amondarain, Aimar Arriola, Leire Muñoz eta Maider Lopez.

“Hamahiru” ekimenak, begirada kolektiboaren bidez hurbileko eremu artistikoaren sormena bultzatzea du helburu, inguruko artea zer unetan dagoen erakutsi nahian.

Orain arte, lan-ildo horretan bi erakusketa egin dira: “First Thought Best”, 2014an Gasteizko Artiumen eta “Bi Dos Two”, 2018an Bilboko Azkuna Zentroan. Oraingoan, Donostiako Tabakaleran inauguratu da, ekimen honen hirugarren edizioa, hain zuzen.

Eusko Jaurlaritzaren Eremuak programaren baitako ekimena da “Hamahiru” erakusketa. Programa irekia da berau eta 2020tik Tabakaleran du egoitza. Bere helburua, Arte garaikidearen errealitatearen behatokia izango den lanerako gunea sortzea ez ezik, artistei eta sortzaileei ere eztabaidarako eta topaketarako plataforma bat eskaini nahi da.

Hala, Eremuak programak bere hamar urtetik gorako ibilbidean, 105 proiektu baino gehiago lagundu ditu deialdi jarraituaren bidez: 38 erakusketa antolatu ditu EAEko hainbat herritan 130 artistatik gora partaide izan direla; 15 argitalpen kaleratu ditu, eta zenbait jardunaldi publiko ere antolatu ditu. Jardunaldi horietara, gainera, arte garaikidearen inguruko askotariko eragileak gonbidatu ditu, beren esperientzia profesionala parteka zezaten.

Erakusketaren xehetasun gehiago duzue tabakalera.eus webgunean.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button