LITERATURA

Euskal literaturaren misoginiaren kontrako erantzun ganberroa

Aurkezpen ekitaldian Irati Jimenez eta Katixa Agirre idazleak, Edorta Jimenez bildumaren koordinatzailea, eta Mikel Soto editorea izan dira. Edorta Jimenezen aburuz, egun bost edo sei emakumezko idazle izatea euskal literaturan "pozgarria" da, eta "naturaltasunez" hartu beharko litzateke. Baina, antza denez, egoera hau ez da "naturaltasunez" hartu, "kontrara" baino:  "egoera horrek misoginia eta bekaizkeria utzi ditu agerian". Mikel Sotok, halaber, baieztatu du euskal literaturan misoginoak daudela, eta Orgasmus jarrera horren kontrako erantzun "ganberroa" dela. "Ganberrada bat da".

Berria egunkariak igandeetan argitaratzen duen Hirudia izeneko zutabean du bere jatorria bildumak. Izan ere, Irati Jimenezek bertan idatzi zuen Orgasmus belaunaldia izeneko testua, zenbait ahotsek zabalduriko Erasmus belaunaldia aipatuz. Besteak beste, gazteak eta atzerrian bizi zirelako izendatu eta bildu zituzten etiketa horretan."Hantxe erantzuna emateko grina eta gogoa sentitu nituen", esan du Irati Jimenezek ipuin bildumaren harira. Hala, emakume eta idazle izateagatik "gainbegiratuta" sentitu dela gaineratu du. "Gizonezkoei egiten ez zaizkien galderak egiten dizkigute, esaterako, Zer duzue komunean Katixak eta zuk?, hasieran natural hartzen nituen, baina gero gainbegiratua sentitu nintzen".

Euskal literaturan zabaltzen ari den Erasmus ideia horren aurrean erantzuna eman behar zela esan du Katixa Agirrek. "Ez zait gustatzen, murriztailea da, eta nahiago dut Orgasmus, beti ere, erotismoaren eta umorearen bidetik". "Gizonezko belaunaldiek gainera euren buruak izendatu dituzte, Pott Banda, Lubaki… beraz, guk Orgasmus aukeratu dugu", gaineratu du Iratik.

Liburuak biltzen dituen 10 ipuinak mundu osoan sakabanatuta dauden emakumezko idazleek idatzi dituzte, eta kontakizunen bi ezaugarri nagusiak erotismoa eta umorea dira. Esteban Montoriok eginiko bildumaren diseinua ere nabarmendu du Edorta Jimenezek. Ipuinak askotarikoak dira, neurriz eta estiloz, eta izen ezagunak eta ezezagunak biltzen ditu, batzuk, gainera, izen eta jatorri faltsuekin idatzi dituzten andreak dira. "Izen gehiago plazaratu nahi ditugu", iragarri du Edortak.

Nontzeberri

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button