ezlekubat

Oier Guillan: “Iruditzen zaigu badaudela beste teatro mota batzuk”

Oier Guillan: “Iruditzen zaigu badaudela beste teatro mota batzuk”

 

Metrokoadroka eta Pez Limbo taldeek elkarlanean sortutako Miss Karaoke antzezlana eskaintzen ari dira Euskal Herriko hainbat txokotan (urriaren 23an, Bilboko Arriaga antzokian izango dira). Oier Guillan Metrokoadroka-ko kide eta idazlearekin izan gara antzezlanari buruzko xehetasun gehiago eman diezazkigun.

Zer da Miss Karaoke?
Miss Karaoke Metrokoadroka kolektiboak azken urteetan izan duen bilaketa estetiko eta -gaiei dagokionez- ideologikoan urrats bat gehiago da. Harreman zuzena dauka dramaturgikoki Poza eta Su izan nahi lanekin, gaiei dagokionez berriz Hautudeterminazioa, Mr. Señora eta Arra.Arraroa-rekin.

Taularatzea bera DSS2016k arte eszenikoen arloan egindako Dramaturgia berriak deialdiaren harira sortu zen. Deialdiak berak bere kontraesan handiak sortzen zizkigun arren, edo hain zuzen ere horregatik, deialdi horretan parte hartzea erabaki genuen. Gure sorpresarako proiektua aurrera atera zen Gasteizko Principal Antzokiak babestua, eta horrek normalean lan egiten ez dugun ekipo artistiko batekin lan egiteko aukera eman digu: ekoizpen mailan Pez Limboko lagunekin, taula gainean arte eszenikoekiko kezka ideologiko eta estetiko antzekoak partekatzen ditugun aktore taldea (Iñaki Ziarrusta, Unai Lopez de Armentia, Marina Suarez Ortiz de Zarate, Javier Fernandez), eta David Alcorta argiztatzailea.

Sormen prozesuan egia esan oso libre jardun gara lanean. Metrokoadroka kolektiboko lau kide egon gara proiektua gidatzen: Javi Barandiaran zuzendaritzan, Idoia Beratarbide arropa eta estetika kontuetan, Joseba Roldan ekoizpenean eta ni neu dramaturgian.

“Dramaturgia berriaren” kontzeptua aipatzen duzu lanaren nondik norakoak azaltzerakoan. Zer da?
Ez naiz horrelako etiketa eta palabro-en oso zalea, baina egia da azken hamarkada luzeetan teatroa ulertzeko beste modu batzuk jaso izan direla izen horren pean, batez ere dramaturgia ez-narratiboak, irudien dramaturgiak ere deitu izan direnak. Horren baitan kokatu daiteke Miss Karaoke-ren bilaketa artistikoa, baina kontuan hartu behar da gauza horiek asko ñabartu behar direla, eta batzuetan ez direla serioegi ere hartu behar. 

Bai iruditzen zaigu badaudela beste teatro mota batzuk, ohiko norma, konbentzio eta arau komertzialetatik aldentzen direnak, eta areto publikoetara iristeko zailtasunak dituztenak, edo publikoaren eserlekuetatik ikustera arriskatzen ez garenak. Nik ikusle gisa faltan botatzen dut eskaintza anitzago bat. Erdaraz lan egiten duten euskal sortzaileen artean bada horrelako teatroen tradizio garrantzitsu bat (Legaleon-T. da nire erreferentziarik kuttunena), eta egun euskaraz ere bada beste dramaturgia mota batzuk lantzen dabiltzan sortzaileak, nahiz eta batzuetan arrotza egiten diren horrelako lanak euskal kulturari atxikitako topiko garaikideen testuinguruan.

Azkenik, bada joera bat Dramaturgia berriak etiketa soilik antzerki idazle berriak adierazpenera mugatzekoa, literaturaren zentzuan, eta oso ikuspegi murriztatzailea iruditzen zait.

“Identitatea aukeratu egiten da, edo identitateak aukeratzen zaitu zu?” . Galdera hori da kezka? Horren gaineko hausnarketarako proposamena da zuena?
Miss Karaoke identitateaz mintzo da, gorputz eta hizkuntz gaietara ekarria.  Publikoarekin galdera batzuk konpartitzen saiatu gara, erantzun batzuk inposatzen baino. Baina noski, kazetaritzan bezala, ez da existitzen galdera objektiborik...

Clown, performancea, bakarrizketak, esketxak, poesia... denak kabitzen du? Nola uztartzen da hori guztia koktel teatral batean?
Guk ez dugu halabeharrez bilatzen denetik egotea. Gure sormen prozesuak talde lanetik abiatzen dira, testutik baino gehiago, nahiz eta gero uneren batean testuari bere lekua eta garrantzia bilatzen diogun. Talde lanetik abiatzen den heinean prozesuan parte hartzen dugunok gure indar-gune zein ahulguneak eskaintzen dizkiogu lanari, eta haiek kontzienteki erabiltzen ere saiatzen gara. Baten batek dantzarako gaitasuna baldin badu, edo pinturarakoa, edo errezitatzekoa, gure alde erabiltzen saiatzen gara. Zuzendaritzaren lana izango da horrekin guztiarekin esan nahi denarekiko fidela den collage bat sortzea. 

Zeuk ere “Mr. Señora” idatzi duzu. Lan biren arteko loturarik ba al dago?
Bai. Esango nuke Metrokoadrokan bulkada edo intuizio batzuei erantzunez heldu geniela duela urte batzuk gorputzari loturiko gaiak lantzeari, eta denbora pasa ahala, gure inguruan eta jendartean egon diren mugimenduak barneratu ahala, guk geuk gehiago ikasteko gogoz gero eta modu kontzienteagoan gaiotan sakontzen saiatu garela. Baina beti ere gure burua jomugan jarriz, gure burua galdekatuz, eta taldearen beste ezaugarriak diren umore absurdoa eta poesia bisualarekin uztartuz.

Obra hainbat txokotan oholtzaratzen ari zarete. Zeintzuk dira hurrengo geltokiak?
Urriaren 21ean, 21:00etan, Pasai Donibaneko Juanba Berasategi antzoki berrian izango gara. Urriaren 23an, 20:00etan, Bilboko Arriaga antzokian. Hortik aurrera etorriko dira Azpeitia, Orereta, Leioa, Basauri... data berriak lotzen gabiltza orain.

Azkenik, zer esango zenioke antzezlana kuriositatez ikustera joango den ikusleari?
Galderak egongo dira, zirtoak, gai sakonak, dramaturgia berriak... baina oroz gain, batez ere, publikoarekin batera ondo pasatzeko helburuarekin igoko gara taula gainera!

Nontzeberri-k bidalita // 2017-10-23 · 09:12:39

Bidali zure ezlekua >>

Utz ezazu hemen zure iruzkina

Izena (*):
E-posta (*):
Web:
Iruzkina:

Izartxoz(*) markaturiko datuak ezinbestez bete behar dira

Iruzkin berrien abisuak nire posta elektronikoan jaso

E-posta: