ezlekubat

“Etiketadun Kateak Hautsiz”, antzerkia feminismorako tresna

“Etiketadun Kateak Hautsiz”, antzerkia feminismorako tresna

Aldikadea Antzerki taldeak 2009. urtean hasi zuen bere ibilbide artistikoa eta Etiketadun kateak hautsiz performancea taularatzea izan zen taldea sortzeko arrazoia.

Ainara Artetxe bilbotarraren ideia originalean oinarrituta eta bere zuzendaritzapean, hiru espazio, hiru une historiko, hiru emakume eta hauen ekintza bakar eta simultaneoa dira lanaren osagaiak. Artetxerekin batera, Arantza Fernandez eta Maite Pascual gasteiztarrek osatzen dute taula gaineko taldea, transgeneroa, sufragista eta langile baten pertsonaien interpretazioa eginez, hurrenez hurren. Emakumeek osatutako taldea, antzerkia borroka feministarako tresna gisa erabiltzeko asmoz.

Gaitzerdi taldean ibilitako Ainara Artetxeren buruan bueltaka zebiltzan ideiek forma hartu zuten Gasteizera iritsi eta Arantza Fernandez eta Maite Paskual ezagutu zituenean. Arantza Basauriko Antzerki Eskolan ibilia zen eta egun Titana taldean dabil eta Maitek ere eginak zituen bere lanak interpretazio munduan. Teknikan eskarmendu handia duten Montse Parrak eta Elena Ruizek osatu zuten taldea. Bostek ere, feminismoan eta “bollerismoan” dihardute eta aktibismo horren baitan lan berriak egiteko asmoz jaio zen Etiketadun kateak hautsiz.

Performancearekin “haize bolada berritzailea” eskeini nahi zuten eta ahozkotasuna alde batera utziz, “kodifikazio berriak garatzea”.



Kateak hausteko: izatea
Hiru espazio ezberdinen aurrean kokatzen da ikuslea performancearen hasieran eta horietatik paseatzeko aukera dauka, “pertzepzioei ateak zabaltzeko” gonbidapena luzatuz. Setazko arren metamorfosiaren lehen urratsak bailiran esnatzen doaz pertsonaiak eta zapalkuntza egoera batetik askatuz, eszenan agertzen dira XIX. mende amaierako eta XX. mende hasierako sufragista bat, lehen mundu gerrako langile bat eta XXI. mendeko transgenero bat. Hiru pertsonaiekin feminismoaren historia irudikatu nahi dute Aldikadeakoek eta hauen hautaketak badu bere arrazoia. Fernandezen aburuz, “historian zehar egiten den ibilbidea bada ere, egoerak oso kontenporaneoak dira; dela sistema politikoak, dela lan munduak edo aurreiritzi sozialek harrapatuta baikaude eta hauetatik askatzea da hiru emakumeek duten nahia eta beharra”.

Fernandez tamaina handiko hautestontzi batetik irteteko ahaleginak egiten ditu, Pascualek ingude batekin kolpatzen du burdina gogor eta etengabe eta Artetxek aurreiritziz eta izenondoz jositako etiketez jantzitako manikia biluzten du poliki poliki. Bakoitzak bere barne bidaia egiten du eta hasieran egokitu zaion paperaren onarpena barne iraultza bilakatuko da.

Askapena lortzeko borroka ikusten da antzezpenean zehar eta Anariren Aingura Hegodunak abestia laguntza ezinhobea da bidaiak aurrera egiten duen heinean ikusleengan handituz doan zirrara pizteko orduan. Barne bidaiaren bukaeran, norbanakoaren kateen kontzientzia hartzen du pertsonaia bakoitzak eta kate horiek hausteko bidea aurkitzen dute, izatea, hain zuzen.
Besteek jartzen dizkiguten eta lotzen gaituzten etiketak haustea bilatzen bada ere, hiru pertsonaiek “eurak izatea” bilatzen dute eta zentzu horretan, “denok ere gure etiketen beharra eta zerbaiten parte izateko beharra dugula” dio Maite Pascualek.



Egitasmo berriak
Aldikakadeak “mundua aldatzen saiatu diren emakume iraultzaileei” hitza eman nahi izan die lan honekin eta hargatik, orain arte, feminismora lotutako ekimenetan aritu izan dira batik bat, baina bestelako eszenatokitan aritzeko gogoa dutela dio Maite Pascualek, “leku bakoitzean zerbait ikasten dugulako eta testuinguaren arabera lana nolabait moldatzea erronka polita delako”.
Euskal Herriko hainbat txokotan aritu izan dira, baita Katalunia eta Aragoi aldean ere, eta Etiketadun kateak hautsiz lanaren bidea bukatu ez bada ere, buruan egitasmo berriak dituztela ziurtatu dute eta gogotsu eutsiko diotela orain bi urte hasitako lan eta borroka egiteko bide berriari.

Aitziber P. Karkamo-k bidalita // 2011-05-31 · 09:28:48

Bidali zure ezlekua >>

Egile beraren aurreko idatziak

Iruzkinak (1)

  • Itxaso:
    2011-06-04 00:06

    Testu arras interesgarria!

Utz ezazu hemen zure iruzkina

Izena (*):
E-posta (*):
Web:
Iruzkina:

Izartxoz(*) markaturiko datuak ezinbestez bete behar dira

Iruzkin berrien abisuak nire posta elektronikoan jaso

E-posta: