ezlekubat

Batailaren osteko paisaiak

Zaloa Basabe
Batailaren osteko paisaiak

Etxean afaria antolatu eta hurrengo egunean sukaldean hondakinak ikusterakoan, nork ez du ohera bueltatu nahi izan? Irratia piztu, ohean, tapatu gabe, etzanda egon eta, tarte bat sabaiari begiratzen eman ostean, kafe egin berriaren usainarekin berriz altxatu eta zure sukaldea inoiz baino garbiagoa topatu. “Lasai egon, ez bildu ezer ez; nik neuk bihar goizean garbituko dut, gainera zuek oraindik etxeraino joan behar duzue eta jada berandu samar da”. Zergatik esan behar dugu beti esaldi bera? Etxea hutsik dagoenean, gaueko solasaldirik gabeko hondakinek ez dute zentzurik, lekuz kanpo daude baina leku guztietan aldi berean. Kopak ardoaren hondarrekin, plater zikinak bata bestearen gainean, erortzeko zorian, mahai-zapia ogi apurrekin: bataila txiki baten osteko eguneroko paisaia. Zer gertatuko litzateke inoiz etxea beti bezala izango ez balitz? Afari eta bisita bakoitzaren ondoren zikinkeria behin betikoa balitz? Non gosalduko nuke, pijamaz jantzita, nire sukaldea jada ezagutuko ez banu eta pasilloa nire gorputz oinutsiarentzako minaz hedatutako korridorea balitz?

‘Batailaren osteko paisaiak’ izeneko erausketa 6.000km.org-ek sinatzen du. Espekulatzaileen afari luzearen ardo eta arrosen gauak erakusten dizkigu. Hormigoia eta asfaltoaren neurrigabekeria eta gero espazio hutsen erresaka hondatzailea. Autopistak, kanalak, urtegiak, zentral nuklearrak, abiadura handiko trenak… argazki panoramikoek Huarteko Arte Garaikideko Zentroaren hormak estaltzen dituzte. Azpiegitura erraldoiak museoan sartzen dira, ez beraien merezimendu artistikoengatik, baizik eta Basuramaren eskutik, sortu ditugun hondakinen zergatia eta erabilpenak aztertzen dituen ekimena. Erakusketak lurraldearen kontsumoa kartografiatzea eta erakustea du helburu. Ikuslea eta argazkia, eskala ezberdinetan, bata bestearen aurrean elkartzen dira. Argazkiak kolpe bakar batean Lemoizko zentral nuklearraren aurrean kokatzen gaitu, Armintzara joateko askotan bere ondotik pasatu arren ikusten dugun lehendabiziko aldia denaren sentsazioa daukagu. Izugarria, mehatxaria, beldurgarria... bataila hori irabazi bagenuen zergatik bere irudi soilak geldiarazten gaitu? Handik metro batzuetara Itoizko urtegia azaltzen da, isila eta barea. Galtzaileen etsipena gogorazten digu, hain erreala izanik are ikaragarriagoa bilakatzen da. Hondartzaren gainean eraikitako urbanizazio hutsak eta fantasmagorikoak, pneumatikoen kanposantuak… aldamenetik kotxez pasatzen garenean, atzean gelditzen direla dirudi. Baina hor gelditzen dira. Betirako. Beste aldera begiratzea nahikoa izango zela pentsatzen genuen. 6.000km.org-ek argazkiak atera ditu eta geroztik gure erretinetan orbaina eragin du. Hala bedi.

Atzo ederto pasatu genuen, baina azkenengo botila soberan zegoen. Ireki genuenean ez genekien bihar horren goiz helduko zenik. Zabor poltsa gainezka dago eta barrukoa estutzeak ez du ezertarako balio izan. Poltsa apurtu da eta bere eduki nazkagarriak oka egin du. Orain dena da kiratsa. Atea itxi eta korrika ihes egiteko gogoa izan dut.

David Harvey eta Jorge Reichmannen testuak, berandu iristen diren sententziak, inpaktuen txostenak… begiek testuetatik irudietara salto egiten dute erakusketa gelaren isiltasunaren erdian. Ikusleek, arnasestuka, argazkien zatiak seinalatzen dituzte. Kanpoaldeak inoiz ez dira hain hurbil egon. Zaborretatik begiak kentzeak inoiz ez ditu desagerturatu. Hondakinak gure neurrigabekerien lekuko deserosoak dira. Neurrigabekeriak gure gabezien lekuko agerikoak dira. Lotsak ihes egitera eramaten gaituenean, paisaia gelditzen da. Joaten garenean lurralde hutsek bizkarra emango digute… eta orduan bai, bizi berri bati ekingo diote.

http://www.6000km.org/que-es-6000km/

Zaloa Basabe-k bidalita // 2011-06-30 · 09:41:23

Bidali zure ezlekua >>

Utz ezazu hemen zure iruzkina

Izena (*):
E-posta (*):
Web:
Iruzkina:

Izartxoz(*) markaturiko datuak ezinbestez bete behar dira

Iruzkin berrien abisuak nire posta elektronikoan jaso

E-posta: