BERTSOTAN

Urrian hasiko da aurtengo Nafarroako Bertsolari Txapelketa

Hemen dugu berriz Nafarroako Bertsolari Txapelketa. Urrian abiatuko da zortzi saiorekin. Finalerako eguna ere jarrita dago: abenduaren 2an.

“Bi hilabetez, gure irudiak islatzen duen bezala, Nafarroako lur berdeak, horiak eta gorriak zeharkatuko ditu 2023ko Nafarroako Bertsolari Txapelketak. Bide horren bitartez, euskarari eta euskarazko kulturari ekarpen mamitsua egingo dio bertsolaritzak, Nafarroako hainbat eskualde eta bazterretara hedatuz. Era berean, euskal kulturaz gozatzeko topaleku bat eskainiko du txapelketak, eta bertsolaritzaren eta orohar euskarazko kultur sorkuntzaren bueltan dabiltzan eragile eta norbanako guztientzako elkargune ere izango da. 24 bertsolari parte hartzaileekin batera, epaileek, gai-jartzailek, antolatzaileek eta hamarnaka laguntzailek eginen dute posible egitasmoa.”

Aurtengo txapelketan 29 bertsolarik eman dute izena. Guztira, zortzi saio izango ditu txapelketak, beste horrenbeste udalerritan. Izan ere, Nafarroako Bertsozale Elkarteak Nafarroako lurralde osora hedatu nahi du bertsolaritza. Horretarako lau final-laurden izango dira guztira, Iruritan, Vianan (txapelketaren historian lehen aldiz), Uharten eta Agoitzen. Hor ariko diren 24 bertsolaritatik 18k egingo dute aurrera, finalaurrekoetara: hiru saio izango dira, Altsasun, Agoitzen eta Lesakan. Azkenik, Iruñean jokatuko da finala, abenduaren 2an, larunbatez, Anaitasuna kiroldegian. Zortzi bertsolari izango dira bertan eta saioan zehar puntuaziorik altuena lortzen duten bi bertsolariek buruz burukoa jokatuko dute. Hor erabakiko da 2023ko txapelduna.

Datu polita, hau, aurten lau txapeldun arituko dira: Julen Zelaieta, Julio Soto, Xabier Silveira eta egungo txapelduna den Saioa Alkaiza.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button