ezlekubat

Ander Lipus: “Azken hitza publikoak izango du nahiz eta publikoari gorroto”

Iñigo Bidetxea
Ander Lipus: “Azken hitza publikoak izango du nahiz eta publikoari gorroto”

Bere bizibideaz modu berezi horretan hitz egiten duen gutxi ezagutu ditut. Badakizue, hitzetan gozamen puntu hori nabaritzen denean. Gogo biziz, sutsuki hitz egiten du Ander Lipusek (Iñigo Ibarra) antzerkiaz. Ibilbide berri baten atarian, patuak bestelako antzerki mota batekin esperimentatzeko aukera luzatu dio eta hasiberri baten suhartasunaz heldu dio hark eskainitakoari. Bihar, azaroak 1, sortu berri duen Huts Teatroaren eskutik, Publikoari gorroto obra estreinatuko du Luhuson (Lapurdi).

Huts Teatroa sortu berri da, antzerti-ibilbide berri baten atarian zaudela esan genezake ala aktore kurioso baten bilakaera naturalaren ondorioa besterik ez da?

Ibilbide berri bat da bai, nire estetika propioa eraikiz, haize pixka bat emateko ideiarekin eratutakoa; hortik abiatzen da proiektua. Artedramaren babesean azpiegiturak berritu behar izan ditut ezinezkoa zelako aurrekoak mantentzea… egokitu behar izan ditut, baina egokitze hori ez da izan nire nahiagatik soilik, batez ere konpainia bat une honetan eraikitzea ezinezkoa delako. Gogoz nabil etapa berri honi ekiteko.

Xabier Mendigurenek 1985ean idatzitako lana plazaratzeko unea zela argi zenuen? Euskara hutsez antzezteko erabakiak zerikusia izan al du?

Orain dela dezente irakurri nuen Xabierren testua, bortitza iruditu zitzaidan, baina hala ere, publikoari orain plazaratzea egokia iruditu zait. Urte dezente pasatu dira eta uste dut nahiko aproposa dela honelako obra kañero batekin etapa berri honi hasiera ematea. Xabier Mendigurenek 1985ean idatzi zuen testua, egia da gogorra dela, baina, interesgarria izan liteke antzerkiaren panoramari zerbait berezia eskaintzeko.

Bestalde, aspaldidanik dut euskara hutsean antzerkia egiteko nahia, Artedrama eta Huts Teatroaren bidetik. Elebitasuna tranpa gisa ikusten dut egun, eta ez dut horretan erori nahi. Egia esan, merkatu handiagoa dago horretan, baina ez dut hori helburu.


Zer eskainiko dio Publikorari gorroto honek ikusleari eta zergatik testu gordin honekin estreinatu?

Nik uste dut antzerkia era askotakoa izan daitekeela, eta apustua egin dugu, espero lan mordoa egitea obra honekin, eta burututako lana publikoarengana iristea. Euskal teatroarekiko gabezia bat sentitzen dut, jendea ez dago antzerkira joaten ohitua, eta publikoari horren kritika zabaldu nahi diot. Xabier Mendigurenen idatzia bortitza bada ere, merezi du publikoari horrelakorik erakustea.

Antzezlana umorez hasten den arren, gai sakonagoen hausnarketetara egiten du salto… giza izatearen ahuleziak aztertzeraino. Egun bizi dugun egoera ikusita, erabat aktuala iruditzen zait. Errealitate gordinak ere umorea behar al du?

Bai, nik uste obra bat egiten denean irakurketa plano desberdinak egoten direla eta tragedia eta gordintasunaren aldetik abiatuz, umorea ezinbesteko tresna ikusten dut.

Manex Fuschek zuzendu, Idoia Beratarbidek jantziak egin, Asier Ituartek musika, Dejabu eszenografian, Artedramak ekoizpenean… garai berri hauetarako, imajinatzen dut gustuko lan taldea izatea berebizikoa dela.

Orain arte izan ditudan lan-taldeekin giro onean aritu naiz, lan egin dudan jendearekin oso gustura ibili naiz, baina, egia da Huts Teatroaren ibilbide berri honetan antzerki mota konkretu baterako bildutako lan-taldearekin oso pozik eta gustura nagoela. Lan- talde profesionala da oso eta gure arteko laguntasuna dugu alde, elkar ulertzea ezinbestekoa da. Eta ez agertokian dauden aktoreareen aldetik bakarrik, argiak jartzen dituenaren, testua idatzi duenaren, zuzendariaren, jantzien arduradunaren, musika jartzailearen aldetik ere bai, bateratasun batean lan egitea funtsezkoa da.


Publikoari gorroto antzezlanak zer gauza berri ekarri dizkio Ander Lipusi? Pragmatismoari lotutako pertsonaia errealistagoak agian?

Nik uste beti dagoela hobetzearen kontu hori… ez dakit ziur zerbait berria eskaintzen didan, baina badu zerbait, testua bera errealistagoa da eta aurreko garaietan testu poetikoak erabili izan ditut, teatro sinbolikoagoa egiten nuen. Esan bezala, testua bera errealistagoa da eta horrek bertigo moduko bat sortarazten dit.

Apustu egin dugu eta bai, badago aldaketa, baina, uste dut, azken finean, horren guztiaren barnean dagoena neu naizela eta nire ibilbide hau gutxi-gutxika beste eremu batera zuzentzen ari dela. Publikoak Ander Lipusen lan bat ikusiko du.

Taula gainean, euskal publikoarekin lotura hurbilagoa izateko asmoak irudimenaren ateak mugatzea ekarri al dizu?

Zalantzarik gabe, baina ezberdina da era berean, ni lehen Madrilen bizi nintzen, eta han antzerki mota konkretu bat egiten nuen, gero Bilbora etorri, eta orain Berrizen bizi naiz. Errealitateak erabat aldatzen dira, eta zu ezin zara errealitate horren aurrean itsu izan.

Lan egiteko era aldatu da bai,  baina,  horrek ez du esan nahi hemendik urte batzuetara beste antzerki sinbolikoagora pasatuko ez naizenik. Publikoan pentsatzen dut orain, lehen antzerki imaginario horretan ez nuen larregi pentsatzen. Gaur egun, geografikoki kokatzen dut nire obra, hau da, Ziberun edo Lapurdin antzezlana plazaratu ahal izan eta obra bera, Tolosan edo Ondarroan kokatu. Bertoko publikoari heldu behar diot.

Antzeztu dituzun pertsonaien izaera-pure horretaz baliatzerik bai, zure fase profesional berri honetan?

Asmo hori dut. Hogeitik gora urte eman ditut nire antzerki propioa egiten eta orain arte lagun izan ditudan pertsonaiak agertuko dira, bai, Publikoari Gorrotoko emanaldietan. Komediante bat naiz, bere pertsonaia arketipoak maleta zahar batetik ateratzen dituen komediantea… baliatuko naiz, bai, beste kutsu bat emateko. Horrela beharko lukeela izan sentitzen dut.

Nora abiatuko da Huts Teatroa, etorkizunean plazaratuko dituzuen lanen izaera aldetik…

Ez dakit oraindik, burua bueltaka badut, baina, oraingoz, konpainia egonkorrik ez dudanez, denbora dut lasai aztertzeko. Euskal dramagileen lanak egingo ditudala sentitzen dut, lan garaikideak, baina ez ditut gauzak oso argi oraindik. Oso zentratuta nago lehenbiziko obra honetan. Argi dut euskal eremuan lan egin nahi dudala.

Lapurdin azaroaren 1ean estreinatu eta bukatu ere Lapurdin, martxoaren 21ean. Kasualitate bilatua? Emanaldi mordoa dituzue lotuta… nolako harrera espero duzue?

Hori orain arte lotuta ditugun emankizunen nondik norakoa da, baina herri gehiagotan izatea espero dugu. Urteen joanean zerbaitez konturatu naiz, alde artistikoa ondo dago, baina alde praktikoarekin bat joan behar da, alegia, ekoizpenak eta banaketak garrantzi bera dutela. Azken finean, hori indartzen ibili naiz urte askotan Artedrama izeneko plataforman. Ni gehien asebetetzen nauena une honetan euskal antzerkia euskaldunentzat egitea da, ahal den heinean zazpi probintzietan erakustea. Azken hitza publikoak izango du, nahiz eta Publikoari gorroto.

// 2012-10-31 · 09:05:09

Bidali zure ezlekua >>

Utz ezazu hemen zure iruzkina

Izena (*):
E-posta (*):
Web:
Iruzkina:

Izartxoz(*) markaturiko datuak ezinbestez bete behar dira

Iruzkin berrien abisuak nire posta elektronikoan jaso

E-posta: