ezlekubat

"Hiriaskoberebaitan"

"Hiriaskoberebaitan"

Gazteen sorkuntza  proiektuak bultzatzen dituen Bilboko Udaleko Gazteria saileko Ideiak Martxan lehiaketan saritua izan ostean, Hiri asko bere baitan proiektuak bere lehen fruituak eman ditu dagoeneko. “Atzealdean, ezkutuan” eta “Emakume itsusia?” izan dira lehen bi obrak, argazkigintza, literatura eta musika uztartuz, Bilboko zortzi barrutietan barrena bidaia egitea proposatzen digun proiektu honetan. Aitor Gomez, Asier Olabarrieta eta Unai Villena proiektuaren sortzaileengana jo dugu ekimenaren nondik norakoez gehiago jakiteko.

Nondik sortu zen hau bezalako proiektua egiteko ideia? Ideiak martxan izan zen katalizatzailea, edota aspaldiko asmoa zenuten?

Proiektu hau esku artean genituen beste bi proiektu paraleloen nahasketatik sortu zen. Alde batetik, Aitor eta Unai argazki eta testu laburrak uztartzen dituen blog bati ekin genion duela hilabete batzuk, eta bestetik, Asier musika esperimentala sortzen ari zen, Unaien testu batzuetatik abiatuta. Horretan ari ginela, eta hiruron artean musika, argazki eta testuak lotzeko ideiari buruan bueltaka, Bilboko udaleko Ideiak martxan lehiaketaren berri izan genuen, eta Hiri asko bere baitan proiektua jaio zen, geneukan hasierako ideia lehiaketaren epe eta moldeari egokituz.

Diziplina anitzeko proiektua da. Zertan datza?

Argazkigintza, musika eta idazkuntza edo literatura uztartzen dituen proiektua da. Bere bitartez, zortzi hilabete iraungo dituen sorkuntza prozesuari ekin diogu. Bilboko barrutiak abiapuntu bezala hartuta, prozesuan barruti bakoitzeko obra edo lan bana sortuko dugu, guztira zortzi. Obra bakoitza argazki, euskarazko testu labur eta musika pieza batez osatuta egongo da, eta sorkuntza prozesu ahal bezain askea izatea nahi dugu; araurik ez dugu ezarri eta aldi bakoitzean abiapuntua ezberdina izan ahalko da, batzuetan obraren hasiera argazkia izango da, besteetan testua edo musika. Indibidualki sortu, bakoitzak sortutakoa beste biek sortutakoari batu, eta hiruon lana uztartuz, diziplinen arteko nahastea posible eta aberasgarria dela erakutsi nahi dugu, eta aldi berean, Bilbo hiriak bere baitan beste hiri asko badituela.

Hiru kide zarete. Bakoitzak badu bere zeregina? Zein  eskarmentua duzue horrelako ekintzetan?

Gutako bakoitza diziplina batez arduratzen da: Aitorrek argazkiak egiten ditu, Asierrek musika, eta Unaik testuak idatzi. Hirurak ere sortzaile afizionatuak gara, profesionalki gogoko ditugun diziplinekin harreman gutxi duten esparruetan ari gara lanean, eta gure denbora libre apurrean aritzen gara sorkuntzan. Hala ere, aspalditik datorkigu afizioa hiruoi, eta denboran zehar intentsitate ezberdinez aritu izan gara, bakoitzak ahal izan duen moduan. Asierrek adibidez eskarmentu dezente dauka estilo ezberdinetako musika talde txikietan aritu delako aspalditik, Unai literatur talde bateko kide izan zen urte askotan eta Aitorrek hainbat sentsibilizazio kanpainen diseinuan parte hartu du, teknologia berriei oso lotuta beti. Proiektua martxan jartzeko arrazoi nagusienetako bat sorkuntzari ganoraz eusteko nahia da, eta gure lanari ikuspegi berriak batuz elkarrengandik ikastea.   

Bloga ere sortu duzue. Zein da espazio honek beteko duen funtzioa?

Bi erabilera nagusi izango ditu blogak. Alde batetik, bertan eskegiko da hilero obra berri bana, argazki, testu eta audio pista batez osatua; bestalde, Bitakora izenez etiketatuko ditugun sarreretan sorkuntza prozesuaren berri emango dugu, obra bakoitzaren atzetik egon diren lana eta gorabeherak azalduz.

Zuen lana, publikoarekin ere partekatu nahi duzue; iritziak jaso, trukatu,…

Hala da. Jasotzaileen partaidetza sustatzen ahaleginduko gara sare sozialen bitartez, horretarako sortu ditugun Facebook eta Twitterreko profilen bitartez, alegia. Informazioa zabaltzeko tresnak izatetik haratago, profilok proiektuaren hartzaileekin komunikatzeko tresnak izatea nahiko genuke. Proiektuaren erronka handienetako bat da alde biko komunikazio hori lortzea; ahaleginean gabiltza eta poliki-poliki hasi gara erantzuna jasotzen. Gure obrak Bilboko gaur egungo euskaldun eta anitza den unibertso batean oinarritzen dira, eta unibertso hori eratu eta aberasteko, zenbat eta jende gehiagoren ikuspegia bildu hobe.

Lanaren fruituak beste euskarri batzuetan ikusiko ditugu?

Bai, diziplina ezberdinak uztartzeaz gain, euskarri berritzaile eta tradizionalak nahastu nahi ditugu. Proiektuaren bukaera aldera estudio profesional batean grabatuko ditugu musika pieza guztiak eta argazki eta testuak elkarrekin maketatu. Internet bidez, aurretik aipatutako blogaz gain, liburuxka digital batean emango dira ezagutzara obrak, eta euskarri tradizionalei dagokionez liburuxka-CD batean, argazki erakusketa berezi batean eta zuzeneko ikus-entzunezko emanaldi batean. Ikus-entzunezko emanaldia Ideiak Martxan lehiaketaren amaierako jaiaren baitan emango dugu, Bilborock aretoan, azaroak 29an.

Askotan ideia batetik, proiektu batetik beste ideia batzuk, beste proiektu batzuk ere sortzen dira. Gerora begira ere, beste ideiarik baduzue?

Ideiaz gainezka gaude, geure buruei beldurra emateraino! Gure kasuan egunerokoak eta errealitateak ipintzen dizkigute mugak, askotan nahia handiagoa izaten baitugu, benetako ahalmena baino. Baina sorkuntzak zerbait badauka, hori da: beharra barrutik jaiotzen denean ezin dela gelditu, eta bere bideak bilatzen dituela aurrera egiteko. Asierrek beste musikari batzuekin batera proiektuan sortutako obrak eta beste hainbat nahastuko dituen ikuskizuna sortu nahi du; Aitor eta Unaik irudi eta hitzak nahasten dituen Irudhitzen blogarekin jarraitu nahi dugu; eta Hiri askok jarraipena izan lezake noski, agian beste sortzaile batzuekin batera elkarlanean, Bilbo edo beste hiri edota herriren bat hizpide hartuta… Oraindik goiz da hala ere ezer zehazteko.  

 

 

Nontzeberri-k bidalita // 2014-06-26 · 09:35:34

Bidali zure ezlekua >>

Utz ezazu hemen zure iruzkina

Izena (*):
E-posta (*):
Web:
Iruzkina:

Izartxoz(*) markaturiko datuak ezinbestez bete behar dira

Iruzkin berrien abisuak nire posta elektronikoan jaso

E-posta: