IKUS-ENTZUN

Zortzi film lehiatuko dira FANT Bilboko Zinema Fantastikoko sekzio ofizialean

FANT Bilboko Zinemaldia Fantastiko gaur goizean aurkeztu dute. Aurkezpen ekitaldi horretan Ibone Bengoetxea Bilboko Udaleko kultura zinegotzia eta Octavio González zinemaldiko edukien arduraduna izan dira.

El circo de los extraños filmak irekiko du Sekzio Ofizialeko lehia, baina Paul Witz zinemagile estatubatuarraren filmak beste zazpi aurkari izango ditu: Cargo (Ivan Engler eta Ralph Etter, Suitza); The Chaser (Honh-jin Na, Hego Korea); Deliver us from Evil (Ole Bornedal, Danimarka); Un Lac (Philippe Granderieux, Frantzia); Left Bank (Pieter Van Hees); Tears for Sale (Uros Stojanovic, Serbia); eta, azkenik, Valhalla Rising (Nicolas Winding Refn, Danimarka eta Britainia Handia). Octavio Gonzalezen hitzetan, zortzi lanak askotarikoak dira, hori baita FANTen helburuetako bat, alegia, mota askotako film fantastikoak programatzea.

Horrez gain, zinemaldiak beste hainbat atal izango ditu. Esaterako, aurten talentu gazteari ematen zaion Fantrobia saria Alex eta David Pastor anaia katalanek jasoko dute. Bi zinemagileek Infectados lana zuzendu dute, zeinek oso kritika onak jaso dituen bai Espainian baita nazioartean ere. Pelikula hori, gainera, FANTen bertan ikusi ahal izango da.

Era berean, FANT Laburrean lehiaketa ere nabarmendu behar da. Sekzio horretan dozena bat lan proiektatuko dituzte, eta epaimahaiak eta publikoak erabakiko ditu zeintzuk diren onenak, 3.000 euroko bi sari daude jokoan. Gonzalezek, besteak beste, The Spine (Chris Landreth, Kanada) eta Zobie Love (Yfke van Berchelaer, Holanda) lanak nabarmendu ditu.

Guzti horretaz gain, FANTek, urtero egin ohi duen bezala, genero fantastikoko lan eta zuzendari klasikoak omenduko ditu. Edgar G. Ulmer, Alfred Hitchcock eta Robert Aldritch izango dira aurtengo omenduak. Hala, Ulmer-i buruzko El Hombre fuera de Campo dokumentala eskainiko dute eta baita zinemagile horren bi klasiko ere: Detour eta Barba Azul. Halaber, Suspensearen Maisua duela 30 urte zendu zela-eta Psicosis lana proiektatuko dute. Azkenik, Aldritch-en Qué fue de Baby Jane lana ikusteko aukera ere izango da. Guztiak, berrituta eta jatorrizko bertsioan.

Maiatzaren 8an, gainera, Nontzeberri.com kultura webguneak antolatu ohi duen Nontzefilmak zine eta animazioko film laburren lehiaketako film aukeratuak ikusi ahal izango dira. Irabazleak nortzuk diren ere egun horretan iragarriko da.

Guzti honetaz eta askoz gehiagoz gozatu ahal izango dute zine fantastikoaren zaleek Bilbon maiatzaren 3tik 9ra bitartean. Onena FANTen webgunean jasotzen den egitaraua ondo aztertzea da, hemen bildutakoak egitarau oparo baten zati baino ez baitira.

Nontzeberri

 

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button