Infokultura 2012-05-03

Nontzefilmak lehiaketaren sari banaketa eta film onenen proiekzioa larunbatean egingo dira

Larunbatean, maiatzak 5, Nontzefilmak film laburren lehiaketaren sari banaketa eta proiekzioa egingo dira, 19:30ean, Bilboko Alondegian dauden Golem zine aretoetan, FANT Bilboko Zinemaldi Fantastikoaren egitarauaren baitan.

Nontzefilmak lehiaketaren edizio honek bat egingo du ekimenaren antolatzaile den Nontzeberri kulturari buruzko euskal webgunearen 10. urteurrenarekin.

Epaimahaiak honako film hauek aukeratu ditu zine sekzioan proiektatuak izan daitezen: 1st Prize (Ivan Torres Garcia, Espainia); Bucle (Aritz Moreno, Euskal Herria); Con cara de gilipollas (Daniel Diosdado, Espainia); Ekaitza (Alberto Gastesi, Euskal Herria); Intruso ( Jose Ramon Frias, Espainia); La Soledad de la luna (Javier Marco, Espainia); Mask (Fayaz Bahram, Iran); Moldatu (Asier Urbieta, Euskal Herria); Sagarra ( Iñigo Lopez, Euskal Herria); The Clones (Ibai R. Bretos, Euskal Herria); Un día de golf (David Muñoz, Espainia),eta Vinagre y bombones (Jesus Plaza, Euskal Herria).

Animazioan, berriz, ondokoak izango ikusi ahalko dira: A Paedophile (Nacho Rodríguez, Espainia); A Primeira vez que descobri para que servia o meu rabo! (Bruno Silva, Portugal); Apple Pie (Pablo Polledri, Argentina); Batallitas del abuelo (Néstor F., Espainia); Coda (Juan Lesta eta Belén Montero, Espainia); Debekatuta (Aingeru Gorrotxategi, Euskal Herria); Tarantela (Unai Rosende eta Aitor García, Euskal Herria); Tercer Torneo (Jordi Porras, Esther Bernal, Héctor Sánchez eta David Muñoz, Espainia); Ülfur (Hector Zafra Matos, Espainia); eta Ur jauzi (Imanol garaizabal, Euskal Herria).

Proiekzioak ordubete inguru iraungo du. Egun berean, gainera, lehiaketaren irabazleak iragarriko dira eta sari banaketa ere egingo da.

Nontzeberrik Nontzefilmak 2012 Zinema eta Animazioko Film Laburren Lehiaketa abiatzen du urtero Bilboko Zinema Fantastikoaren Jaialdiaren (FANT) laguntzaz.

Eginkizun berezia da Nontzeberrirentzat ikus-entzunezko atalari dagokion lehiaketa hau antolatzea, eta aurten bereziago, izan ere, Nontzeberriren hamargarren urteurrena da.

Nontzeberrik hamar urte daramatza euskara eta kultura, biak ala biak, sustatzen eta haizatzen. Nontzeberrik bizitzeko modu kultural bat eskaintzen du, kulturaz beteriko mundu horretan gertatzen ari denaz ohartzeko, informazioa, interaktibitatea eta sorkuntzaren aldeko planteamendu zehatzak bultzatuz.

Eta hau guztia euskaraz, beti euskaraz. Euskarazko mundua zabaltzeko erronka hartuta dauka aspalditik Nontzeberri.com web guneak. Euskararen prestigioa munduan ere zabal dadin eta beste hizkuntzen askoren mailan koka dadin, anbiziorik gabe, handiusterik gabe, baina duintasunez.