Infokultura 2014-04-30

Abian da “Irudimena” sarien 4. edizioa

Azkue Fundazioak eta Euskal Kultur Erakundeak (EKE) abian jarri dute Irudimena lehiaketaren 4. edizioa. Aurreko urtetako esperientzia ona abiapuntutzat hartuz, bi erakunde euskaldunak elkartu dira berriro ere, muga administratiboak gaindituz, eta aurten, inoiz baino gehiago, elkarlana sustatuz.

Proposatzen diren soinuetan oinarrituta, parte hartzaileek lan berri bat sortu beharko dute hiru kategoriaren batean: soinu berri bat sortu, idazketaren bidez testua sortu, edo irudia. Edozein formatu eta lan mota onartzen da kategoria bakoitzean eta parte hartzaileek askatasun osoz sortzeko aukera izango dute. Proposatutako bederatzi soinuak soinumapa.net-etik hartu izan dira eta Creative Commons lizentziapean daude.Irudimena lehiaketan parte hartzen duten lan guztiak www.irudimena.com  webgunean ikusi ahal izango dira eta epaimahai batek aukeratuko ditu hiru kategoria bakoitzeko bi lanik onenak. Beraz, lehiaketak sei saridun izango ditu.

Lehiaketa honen helburua euskal kulturaren inguruko sormena bultzatzea da literaturan, grafismoan eta soinu sorkuntzan eta 14 urtetik gorako edonork parte hartu dezake.

Kategoria bakoitzeko lehenengo postuan aterako diren irabazleek 300 eurotako erosketa bonoa jasoko dute; bigarren postukoak, 200 eurotako erosketa bonoa.

Sari banaketa ekitaldia Bilbon ospatuko da, Euskararen Etxean, ekainaren 7ko goizean.

http://www.irudimena.com