LITERATURA

“Etxepare, Jalgi hadi batura” errezitaldia, Iruñean

Xabier Amurizaren hitzaldia-errezitaldia Kondestable Civivoxeko hitzaldi-aretoan izango da gaur, maiatzaren 26an, 19: 30ean hasita.

Bernart Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae euskara batura ekarri du Xabier Amurizak, eta egungo errima eta neurrietara moldatu du idazleak. Lan hori aurkeztuko du eta, bertsotan eta kantuan ere arituko da Amuriza.
Bere hitzetan: “Etxepare gure lehen idazlea da. Lehenengoa bat da beti, eta betiko. Eta lehenengoa izatearen kontzientzia argia, garailea, euforikoa erakusten du. Ez francesa ez berceric, oray ezta erideyten Heuscararen pareric”.

Zer dela eta lan hori? Hona hemen bere erantzuna: “Etxepareren bertso-teknika (errima, batez ere) ahula da gaurko ikuspegitik. Eta bariazio gutxikoa. Horregatik pentsatu nuen itzulpen soila baino interesgarriago litzatekeela bertsio-itzulpen bat. Errima bariatzen eta neurria zehazten hasiz gero, ordea, nola eutsi diskurtsoari bere hartan? Nire ahalegin nagusia izan da emaitza izan zedila Etxepare, eta ez ni. Hots, bertsio-itzulpenak ukan zezala haren eduki eta aire osoa. Aitortu behar dut, lortu dudan neurrian (baietz uste dut), ahalegina gozamen handia izan dela”.

Xabier Amuriza idazle, kazetari, irakasle eta bertsolari lanetan aritu izan da; 2016an utzi zion bertsolari jarduerari. Bi aldiz izan da Euskal Herriko bertsolari txapelduna: 1980an eta 1982an. Hainbat liburu eta disko argitaratu ditu, horietatik asko bertsolaritzari buruz. Kantarientzako ere letra eta bertso asko egin ditu. 2019an Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona Saria eskuratu zuen. Ekoizle emankorra, bertsoaz gain beste genero asko landu ditu.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button