MUSIKA

Martha Reeves & The Vandellas taldearen kontzertua, Bilbon

Gaur berton, martxoak 8 , 20:00etan, eta BBK aretoak antolatzen duen Music Legends zikloaren barruan, Martha Reeves & The Vandellas taldeak kontzertua egingo du.

Motown soinu eta estiloaren ordezkari garbiak izan ziren. Hasieran, Marvin Gaye abeslariaren laguntzaile moduan, eta 1963tik aurrera, aldiz, beren kontura aritu eta benetako izar bilakatu ziren. Arrakasta handiko hogeita sei lanen sortzaileak izan dira hainbat estilotan: doo-wop, R&B, pop, blues, rock eta soul estiloetan.

The Vandellas taldeak makina bat hit grabatu zituen 1960ko hamarkadan, Dancing in The Street edo Heat Wave, besteak beste. Annette Beard eta Rosalind Ashford dira The Original Vandellas taldeko jatorrizko abeslariak. Bi horiei Roschelle Laughhunn gehitu zaie, neskez osatutako soul taldeen hirukote formatu klasikoa osatzeko.
Emaitza hauxe da: “Motown garaiko urte onenetara bueltatzen gaituen ahots hirukoa”.

Gainera, datorren astean, martxoaren 16 eta 17an Mojo Workin jaialdiaren IX. edizioa egingo da Donostian. Musika beltzen inguruan ardazten den jaialdia da, eta jada erreferente bihurtu da estatuko eta Europako zaleen artean. Aurtengo izar beltzak hauexek izango dira: Spencer Wiggins, La La Brooks, Swamp Dogg eta, nola ez, The Original Vandellas.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button