MUSIKA

Urdaibaiko organo jaialdi tradizionala berriz abian

Iazko jaialdia bertan behera gelditu zen pandemiarengatik, baina aurten, baldintza hobeak direlarik, Urremendi Landa Garapen Elkarteak Urdaibaiko Organoak- Joxe Mari Eguileor organo jaialdiaren beste edizio bat antolatu du. Jaialdia berezia izango da oso, izan ere, bertako zuzendaritzak covidagatik hildako pertsona guztiei eta birusaren aurka aritu izan diren pertsona guztiei eskaintzea erabaki du.

Jaialdiak 11 kontzertu izango ditu guztira, uztailaren 17tik abuztuaren 15era, 7 udalerritan, Gernika-Lumon hasi, eta ondoren Busturialdea-Urdaibai eskualdeko hainbat udalerritara joateko. Zehazki, Mundaka, Axpe-Busturia, Bermeo, Arratzu, Ibarrangelu eta Muruetara.
“Urtetik urtera, gero eta udalerri gehiagok parte hartu nahi dute Europako organo-jaialdi garrantzitsuenetakoa den honetan. Ia bi hamarkadako lan nekaezina izan da, urtetik urtera ikusle kopuruak nabarmen gora egin du eta gainera, toki-administrazioek estimu berezia diote balio izugarria duen ondarea babestu eta kontserbatzeagatik”, adierazi du Aitziber Ansotegi Urremendi Landa Garapen Elkarteko gerenteak.

Uztailaren 17an abiatu zen zikloa Gernika-Lumoko San Pedro eleizan, eta aste honetako larunbatean, uztailak 24 (20:00), Mundakako Andra Mariaren eleizan izango da hurrengoa Steafano Pellini musikariaren partehartzearekin. Igandean, uztailak 25 (20:00), Gernika-Lumoko Mertzede parrokian antolatu da beste kontzertu bat, Ana Belen Garcia jotzailearekin.

Datorren asteko kontzertuak, Axpe-Busturiako Andra Mariaren eleizan (uztailak 26), Bermeoko San Frantzisko eleizan (uztailak 29) eta Gernika-Lumoko Andra Mariaren eleizan izango dira (uztailak 31).

Abuztukoak honakoak dituzue: Arratzuko Santo Tomasen eleizan (abuztuak 1), Axpe-Busturiako Andra Mariaren eleizan (abuztuak 7), Ibarrangeluko San Andres eleizan (abuztuak 8), Muruetako Andra Mariaren eleizan (abuztuak 14), eta Mundakako Andra Mariaren eleizan (abuztuak 15).

Edizio honetako organo, programa, artista, argazki eta aurreko edizioetako bideoei buruzko informazio gehiago webgune honetan dituzue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button