LITERATURA

Udagoienari begirako lehen lanak

Josu Waliño eta Iñaki Serrano Lasa idazleen lanak dira ikasturte berriarekin batera agertu diren liburu berriak. Josu Waliñok Heriotzak tituludun obra idatzi du eta Iñaki Serrano Lasak Desio izeneko tren batean. Liburuok gaztetxoentzat idaztiak izan dira, 13 urtetik gorakoentzat, hain zuzen ere.

Elkar argitaletxetik jaso dugun oharrean hauxe esaten da Josu Waliñoren lanari buruz: Josu ospitalean dago, ustez, bere azken egunak izango direnak igarotzen. Heriok aurki eramango duela sinetsita dago, gauero egiten baitio bisita. Josuk, halere, ez du hil nahi, eta ihes egin behar diola erabakitzen du, engainatuko duen zerbait asmatuz. Estualdi horretan dagoela, heriotzari buruzko istorioak kontatuko dizkiote elkarri.   

Josu Waliño Zumaian jaioa zen, 1972an. Informatikan lizentziatua da. Hainbat literatur sari irabazi eta ondorengo liburuak eman ditu argitara: Bederatzi ateak narrazio liburua (2008), eta gazte eta haurrentzako hiru liburu (2009): Izarren artzaina, Lepoko minez zegoen hontza eta Hortza galdu du Jonek.

Serranoren lanean, ostera, bi lagun, motxila bana, Inter-rail txartela Europan barrena bidaiatzeko,….  Hamaika abentura, pasadizo eta bitxikeria bizi izango dituzte Iker eta Jonek hiriz hiri, trenetan nahiz gazte-aterpetxeetan, ligatzeko asmoa beti gogoan, Internet gabeko aro batean.       

Iñaki Serrano Lasa 1973an jaio zen Eibarren, zuzenbidean lizentziatua da, eta, aurretik zenbait sari txiki irabazi arren, egunkari gisa eta umorez gainezka idatzitako eleberri hau du estreinako liburua.

Beste aldetik, aipatu, datorren astean Martin Etxeberriaren Zakurraren poema eta beste hezurrak lanaren aurkezpena egingo dela.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button