IKUS-ENTZUN

Euskal Zinema Dokumentalaren VII. Astea, Gasteizen

Vital Fundazioak Euskal Zinema Dokumentalaren VII. Astea antolatu du egunotan, eta “euskal profesionalek zuzendutako dokumental onenen aukeraketa batekin gozatzeko aukera emango du.” Emanaldi guztiak 19:30ean hasiko dira, Gasteizeko Vital Fundazioa Kulturunean.

Euskal Zinema Dokumentalaren VII. Astean, hemengo sortzaileek egindako dokumentalik onenak proiektatuko dira. Film horien gaiak askotarikoak izango dira, eta hala, “lehen euskal argazkilariaren bizitza (Norberaren gela), gure haurtzaroko urteek gugan uzten duten arrastoari buruzko gogoeta (Aztarnak-Huellas), familiarekin berriz elkartzea (Fantasia) , lehen euskal westerna (Kuart Valley), edota musikari baten bizitza (El Drogas)” aztertuko dira.

Atzo izan zen lehen emanaldia Ainhoa Urgoitia eta Enrique Rey zuzendarien Norberaren gela filmarekin. “Hainbat emakume argazkilarik proiektu propio bat egiteko enkargua jasotzen dute, Eulalia Abaituaren argazki bat abiapuntutzat hartuta, lehen euskal emakume argazkilaria eta aintzindaria kontsideratua izan dena, bere obrarekiko solasaldia sortuz eta Eulaliaren bizitzarekin eta beraiekiko nolabaiteko lotura bat aurkituz”.

Gaur, hilak 26, Maru Solores zuzendariaren Aztarnak-Huellas izeneko lana proiektatuko da. “Haurtzaroan ereiten al da zoriontasunaren hazia? Gogoratzen ez ditugun lehen urte horiek aztarna sakonak uzten omen dizkigute. Baina, aztarna hori betiko al da? Edo, aldiz, aldatu egiten da? Hau bidaia pertsonal bat da ahaztutako leku horretara, gaur naizen amarengandik izan nintzen umearengana doana.”

Datozen emanaldiak honakoak izango dira: bihar, urriak 27, Fantasia filma; 28an, El Drogas, eta azkenik, 29an, Kuart Valley.

Euskal Zinema Dokumentalaren VII. Astean kontsultatu ahal dituzue bestelako xehetasunak.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button