BERTSOTAN

Gaur bezalako egun batean

Gaur bezalako egun batean jaio zen Joxe Migel Iztueta Kortajarena Lazkao Txiki, Euskal Herri osoko bertsolaririk ezagunenetakoa izan zena.

1926ko irailaren 15ean jaio zen Lazkao Txiki Lazkao udalerriko Lazkaomendi auzoko Abaliñe baserrian. Eskolan zortzi urterekin hasi zen. Bertsolariak bederatzi urterekin ikusi zituen, Zepai eta Uztapide eta izugarri gustatu zitzaion, eta orduantxe hasi omen zitzaion bertsotarako zaletasuna pizten.

Lazkao Txikik handienekin kantatu zuen Basarri, Zepai, Mitxelena, Uztapide, Xalbador, Mattin eta beste hainbesterekin. Mattinekin askotan osatu zuen bikotea eta famatuak ziren biek egiten zituzten saioak, bertso-saioei gatza eta piperra jartzen baitzien.
Bertsolaritza zaharreko eskolakoa, umore onekoa eta bizia zen, eta halaber, sentimendu eta ateraldi handikoa, eta bere bertsoen azpian kritika eta ironia aurkitu ahal ziren beti.

1976an omenaldi bero bat eskaini zitzaion Donostian. Bere jendaurreko azken bertsoa 1993ko urtarrilean kantatu zuen, Santi Onaindiari eta Alfontso Irigoieni egin zitzaien omenaldian. 1993ko apirilaren 3an hil zen Donostiako erietxean, bihotzeko gaixotasun baten ondorioz.

Manuel Lasartek Lazkao Txiki, gogoan izeneko obra idatzi zuen, bertsolariaren bizitza oinarri hartuta, eta bertan, ehunka komeria eta pasadizo kontatzen dira.

 

 

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button