EUSKAL ZINE ETA BIDEO BILERA
1978an sortu zenetik helburu bat du Euskal Zine eta Bideo Bilerak (EZBB): euskaraz egiten diren ikus-entzunezko lanak jendearen aurrera atera eta zabaldu.
Aspaldiko denbora haietan 8 eta super 8ko lanak erakusten eta lehiatzen ziren Lekeition. Gaur egun berriz, merkatuak eskaintzen dituen formaturik aurreratuenetan egindako ikuskizunak igarotzen dira jaialditik.
Erakutsi eta lehiatu, zabaldu azken finean. Hori da euren helburua eta horretara doaz euren asmoak. Hori, orain arte, Lekeition hiruzpalau egun emanaldiz beteriko egitasmo batekin burutzen zuten, baina hemendik aurrera mundu osora zabaldu nahi dute, jaialdira doazen lanak interneten jarriz; euskaraz egiten den ikus-entzunezko lanaren lagin adierazgarri bat denon eskura jarriz.
Horretarako, Euskal Zine eta Bideo Bilerak eta Nontzeberri web guneak azken edizioetako filmak paratu dituzte ikusgai gune honetan.