LITERATURA

“Literatur Amuak” jaialdia Ondarroan

Bihar, urriaren 27an, “Literatur Amuak” jaialdia abiatuko da Ondarroan. Azaroaren 1era bitartean, letren eta hitzen lurraldea izango da Bizkaiko kostaldeko herria beste urte batez. Sormena, ikuskizuna eta jolasa izango dira berben bueltan aritzeko bideak.

Nanoipuin lehiaketarekin eta Augustin Zubikarai nobela bekarekin hasiko da jaialdia. Euskal Herriko idazleentzat urteroko hitzordu garrantzitsuak biak.

“Literatur Amuak” jaialdian hainbat ikuskizun eta emanaldi antolatu dira, horien artean, Jon Maiaren eskutik Kantu bat gara emanaldia, Beikozinan.

Herriko sortzaileei ere tartea egingo zaie jaialdian. Hala, urriaren 29an, 18:00etan, Leire Bilbao idazleak Etxeko urak errezitaldia eskainiko du Kofradia Zaharrean.

Urriaren 30a, domeka, bertso saio feminista izango da. Arratsaldean, berriz, Josu Arrizabalaga ondarrutarrak “lehengo andra eta gizonen pasarte xelebreak” kontatuko ditu Kofradia Zaharrean, 18:00etan. Arrizabalagak herriko pasarteen bilduma bat osatu du, eta horiek elkarbanatuko ditu herritarrekin, gehienak arrantza mundukoak eta xelebreak.

Astelehena, Arimen Gauarentzat izango da: Xanguli Manduli. Kaleko argiak itzaliko dira 19:00etatik 21:00etara, Alde Zaharretik kanposanturaino.

Azaroaren 10era arte ere, Liburuen arbola erakusketa ikusi ahalko da Kofradia Zaharrean, liburuaren garrantzia eta euskal literatura eta ekoizpen editoriala herritarrengana hurbildu nahian.

Jaialdiaren egitarau osoaren xehetasun guztiak, hemen.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button