BESTELAKOAK

Bilblogari 2012 Lehiaketako saridunak

Bilblogari, Bilboko gazte euskaldunei zuzenduriko blog lehiaketa da.

Bilboko Udaleko Euskara Sailarekin elkarlanean, Nontzeberri kultura atariak Bilblogari Bilbo Handiko 15 eta 35 urte bitarteko gazte euskaldunei zuzenduriko blog lehiaketa abiatu du 2012ko azken lauhilekoan.
Ekimenaren helburua, euskara, gazteak eta teknologi berrien uztarketa sustatzea da, beti ere euskararen erabilera gazteen artean areagotzeko asmoz.

Aurtengo lehiaketan 31 blog inskribatu dira, eta horiek lehiatu dira dauden sariak eskuratzeko.

Urte honetan oso parte-hartze handia egon da eta joan den urteko marka gainditu ez badugu ere, kopuru polita atera da. Mota askotako blogak heldu dira eta guztietan gaur egungo gazteek dituzten zaletasunak, kezkak eta ilusioak nabarmentzen dira (kirola, jokoak, gure geografia, dantzak, musika, gaurko teknologiak, osasuna, elikadura, homosexualitatea, janariak,…).

Hiru atal

Lehiaketan hiru atal zabaldu dira: blog pertsonalak, taldeko blogak, eta tematikoak. Atal bakoitzean Interneteko bitakora onena sarituko da.

Julen Gabiria idazle eta euskal blogari aitzindariak eta Karmele Perez de Urraza EHUko irakasleak honako irizpideak baloratu dituzte saridunak erabakitzerakoan: euskararen maila, kalitate literarioa, diseinua, gaurkotze maila eta atarien originaltasuna.

Atzo, Zazpi Kaleetako La Bolsa Udaltegian, banatu genituen sariak.
 

Aurtengo edizioko irabazleak: 

-Blog Pertsonalean: Alter eta ego (Ander Oleaga Benguria) http://alteretaego.wordpress.com

Alter eta Ego ez dakigu nortzuk diren, baina bata argazkilaria da, eta bestea idazlea, edo alderantziz. Litekeena da interes bikoitzeko pertsona bakarra izatea, baina, edozelan ere, argazkiak eta testuak ekartzen dizkigu blog honetan, begien eta zentzumenen gozagarri. Proposamen sortzaile erabatekoa, argazkian eta literaturan oinarritua.
Irudi batetik landutako testuak osatzen du asteroko sarrera: errealitatea interpretatzeko modu bi, irudia eta letrak, biak batera.

-Blog Taldekoan: Insitu (Nerea eta Ane Soriano Sainz); http://iinssitu.blogspot.com.es  

Noizbehinka, gure etxebizitza berritzeko gomendioak ematen dira eta, beste batzuetan, arkitektura eta interiorismoarekin erlazionaturiko bitxikeriak kontatu, eta horretaz gain eraikin interesgarriak ere aurkezten dira. Esan bezala, Arkitektura, interiorismoa, diseinua… horrelako gaiak jorratzen dira blog honetan, baina abiapuntua baino ez da hori; hortik tiratuta, egileak gai dira zinemara, animalien mundura, hirigintzara eta antzeko esparruetara heltzeko, betiere, arkitekturan oinarrituta. Blog hasi berria da, baina espero dugu, sari honekin, egileek bere lanean tinko jarraituko dutela.

-Blog Tematikoan: Baratza Taldea. Deustuko Ortu kooperatiboa (Saioa Bacigalupe) http://baratzataldea.blogspot.com

Bizi dugun krisi orokorreko garai honetan, txalogarriak dira elikaduraren arloko autokudeaketan oinarritzen diren talde sortzaileak aurkitzea, eta hauxe dugu adibide horietako bat, Deustuko Gazte Lokalean sortutakoa. Elikadura ekologikotik abiatuta, iraunkortasunarekin eta deshazkundearekin erlazionatutako hainbat gai jorratzen ditu blog honek, praktikan jarritako esperientzia aberasgarri batean oinarrituta.

 Mila esker parte-hartzaile guztiei.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button