BESTELAKOAK

“Blogak testutik harago” jardunaldia, Blogetan lehiaketa ixteko

Azkue Fundazioak ondu ohi duen Blogetan blog lehiaketaren hirugarren edizioa apirilaren 4an amaituko da. Egun horretan, Bilboko Euskararen Etxean, Blogak testutik harago izenburuko jardunaldia eta lehiaketaren sari-banaketa egingo dira, 15:30etik aurrera.

Blogak testuaz harago lelopean burutuko den jardunaldiaren xedea blogetan gertatutako azken nobedade eta azken joeren gaineko hausnarketa egitea da, tartean, podcast-ak, visual-thinking komunikazio baliabidea edo bideoaren zabalkunde masiboa aztertuko dira. Horretarako hainbat hizlari bilduko dira: Tania Arriaga EHUko irakaslea, Esti Beraza Sorarrain eta Aare Castilla TaZebaEz Kolektiboko kideak, Gorka Bereziartua Argiako kazetaria, Hedoi Etxarte Katakrak guneko kidea, eta Imanol Epelde bideo-blogari eta irakaslea.

Jardunaldia 15:30en hasiko da, komunikazioan aditua den Ioar Oteizaren gidaritzapean. Oteizak berak hasiko du ekitaldia Blogak, sare sozialak eta tendentzia berriak izenburuko sarrerarekin.  Jarraian gainerako hizlarien txanda etorriko da.

Jardunaldia hiru ataletan bananduko da. Lehenengo zatian, Dena ez da testua, Tania Arriaga EHUko irakasleak Podcast-aren inguruan arituko da bere esperientzia pertsonaletik abiatuta. TaZebaEz Kolektiboko kide Esti Beraza Sorarrain eta Aare Castillak, berriz, hizkuntza eta komunikazio esparruetan sekulako arrakasta jasotzen ari den Visual Thinking tresna izango dute hizpide.

Bigarren zatian Gorka Bereziartua Creative Commons lizentziaren inguruan arituko da.  Hirugarren zatian, Katakrak egitasmoko kide Hedoi Etxartek proiektu horren webgunea izango du berba-gai. Halaber, Imanol Epelde bideo-blogari zarauztarrak ere parte hartuko du hirugarren atal honetan.

Azkenik, Blogetan saridunak iragarriko dira, eta sari-banaketa burutuko da.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button