bilblogarik idatzita
2010(e)ko abenduak 2 09:20
Euskara sailak eta Nontzeberri interneteko atariak Bilblogari euskarazko blogen lehiaketaren bigarren edizioaren sariak banatu ditu. Internet esparruan euskararen erabilera sustatzea helburua duen lehiaketan 32 gaztek parte hartu dute mota guztietako blogekin.
Aurten ia bikoiztu egin da parte-hartzea. Mota askotako blogak heldu dira eta guztietan gaur egungo gazteek dituzten zaletasunak, kezkak eta ilusioak nabarmentzen dira.
Bilblogari lehiaketan parte hartzeko hiru atal izan dira: blog pertsonalak, taldeko blogak, eta tematikoak.
Atal bakoitzean Interneteko bitakora onena saritu da. Julen Gabiria idazle eta blogeroak eta Karmele Perez de Urraza EHUko irakasleak honako irizpideak baloratu dituzte: euskararen maila, kalitate literarioa, diseinua, gaurkotze maila eta atarien originaltasuna.
Honakoak dira sariok:
Blog pertsonal onena: 300 euro
Taldeko blog onena:300 euro
Blog tematiko onena: 300 euro
Blog originalena: 300 euro
Epaimahaiak aurkeztu diren 32 blogak baloratu ditu, guzti-guztiak interesgarriak izan baitira, baina honakoak izan dira aurtengo sarituak:
Blog pertsonala
Ane Elordi Alburquerque (sentitu, pentsatu, ekin!)
http://aneelordi.blogspot.com/
Bereziki euskal kulturan oinarritutako bloga izanik, gaurkotasun eta hurbiltasun handiz aletzen ditu gure herriko literaturak, musikak, antzerkiak, bertsolaritzak eta abarrak ematen duten uzta, panorama kulturalaren esparru guztietara oso modu atseginean helduz.
Blog tematikoan
Adrian Hugo Llorente Aginagalde (Zientziaz)
http://zientziaz.wordpress.com/
Blogintzak, sarri askotan, errazegi jotzen du gai arruntetara. Aldiz, ez da hain ohikoa zientziari buruz modu dibulgatiboan hitz egiten duten blogak aurkitzea, hain gutxi euskaraz. Blog honek horixe du gaia: zientzia irakurlearengana hurbiltzen du, hizkera zuzen eta ulerterrazean, eta pentsamendu zientifikoa hedatu nahian.
Taldeko bloga
Maria eta Ixone Landeta Guarrotxena (Tendentziak)
http://ixonemerimoda.blogspot.com/
Itxura izaten da gure lehenengo bisita-txartela, zeren, gustatu zein ez, modaren eta itxuraren gizartean bizi gara. Kasu batzuetan txarrerako izango da, baina oraingoan onerako izan da, modari buruzko blog interesgarriak ere badaudela konturatu baikara. Arropak, osagarriak, modari buruzko albisteak, proposamenak eta tendentziak aztertzen dituen bloga.
Blog originala
Iban Calzado (Bizitza 'solo' da)
http://oinetako.wordpress.com
Blog originalenaren saria jasoko du, baina beste sari asko ere jaso zitzakeen blog honek. Euskara bikainean idatzita egoteaz gain, luze eta zabal jorratzen ditu Hegoamerikatik egindako bidaia baten gorabehera guztiak, kontinente horretako jendearen, bizi-baldintzen, historiaren eta izaeraren erradiografia zehatza eginez, kronika aberats eta oparoa eskainiz irakurleari. Mila esker parte
hartzeagatik.

46ef7cbc-c70e-4fa9-af1e-d5a5115f09f0|0|.0
Tags:
Orokorra
bilblogarik idatzita
2010(e)ko azaroak 2 13:26
Bai, gure gazteak animatzen ari dira eta joan urteko parte-hartzaileen kopurua gainditu dugu. Seguruenik, oraindik, izena emango duten beste internauta batzuen lanak jasoko ditugu. Denetarik daukagu: euskal musika, modan tendentziak, teknologiak, Euskal Herriko paisaiak, argazkigintza, eta abar. Animatu eta parte hartu!

fd43a213-8f08-4d1e-ad55-9bb63030393b|0|.0
Tags:
Orokorra
bilblogarik idatzita
2010(e)ko urriak 6 10:44
Hasi gara jasotzen lehe parte-hartzaileen blogak. Irudiak eta bizimodu kuriosoen gaineko sarreak irakurriko dituzue. Bat, blog tematikoan sartu da eta bestea taldekoan, azken hau bi neskek osazten baitute. Animo eta segi parte hartzen!

cde34b43-2d83-4b69-8ad5-37b79ce64e9f|0|.0
Tags:
Orokorra
bilblogarik idatzita
2010(e)ko irailak 30 14:08
Urte honetan ere Bilblogari lehiaketa gaztea martxan duzue, Bilboko gazte euskaldunei zuzenduriko blog lehiaketa, Bilblogari. Bilboko Udalarekin batera, aurten ere, Nontzeberrik euskara sustatzeko ekimen hau abiarazi du interneten. Euskarazko blogik interesgarrienak sarituko ditugu. Begiratu ondoko baseetan eta hasi zuen blogak bidaltzen.
Beraz, badakizue, blogatu zaitezte, blogari nahi zaituztegu!!!
ebe68d50-9cf9-4f16-bcfd-aa43e07ef4d6|0|.0
Tags:
Orokorra
bilblogarik idatzita
2009(e)ko abenduak 28 09:02
Sari banaketa joan den asteazkenean egin genuen.
Bilboko Udaleko Euskara Zinegotzia den Ana de Castroren hitzen ostean, Nontzeberriko kideek balorazio txiki bat egin zuten. Julen Gabiriak eta Karmele Perez de Urrazak epaimahaikideek hartu zuten parte blogaren mundua zertan den komentatzeko.
Ondoren sari banaketari ekin genion eta hauexek izan dira aurtengo Bilblogari lehiaketaren irabazleak:
Blog tematikoaren atalaren barruan euskara eta euskal kultura luze-zabalean jorratzen duen bloga izanik, hizpide dituen gaiei buruzko ikuspegi landua eskaintzen du saridunak. Liburuen kritikak, kulturari buruzko hausnarketak eta fikziozko kontakizunak uztartzen dira bertan, maiztasun handiz eta era erakargarrian.
Blog tematikoa ataleko saria izan da "Euskaltzale 2.0" blogarentzat (Adrian H. Llorente Aginagalde)

Blog pertsonala
Euskara zaindu eta onean, artikulu mamitsuz osatuta, jakintza askearen aldeko aldarria egiten duen bloga da honako hau. Internetez, politikaz, bidaiez zein beste hainbat gaiz osatutako bloga da, hainbat esteka eskaintzen dituena egileak sare librearen alde egiten duen lana ezagutu ahal izateko.
Sariduna atal honetan "Hamahiru" (Mikel Iturbe Urretxa)

Blog kolektiboa edo taldeko bloga
Testua eta argazkiak bata bestearen osagarri gisa uztartuz, blog honek arkitektura lezio bikaina ematen digu, hurbiltasunez eta modu egokian, artikulu dibulgatiboen bidez eta euskara txukunean. Denoi dagokigun gai bat, denon hizkuntzan adierazia.
Irabazlea atal honetan: "Aldiri" (Ula Iruretagoiena Busturia)
Blog originalena
Blog bat nola bihurtu daitekeen sorkuntza-prozesu baten ispilu? Hona hemen erantzuna. Blogak ez baitira soilik hausnarketarako esparrua, baizik eta, zergatik ez, proiektu jakin baten garapenaren berri ematen duen gunea ere. Bloga, sormenaren esanetan; eta sormena, biluzian, denon bistan.
Epaimehaikideen iritziz “Kap-nere" (Nere Soriano Sainz)
Hauxe izan da Bilblogari 2009 eta datorren urtean beste edizio bat jarriko dugu abian, zuentzat eta zuek bezala blogintzan jarraitu nahi dutenentzat.
Eskerrik asko parte hartzeagatik eta datorren urtera arte, Zorionak!!!

aecb3240-0775-44a6-b5bc-69a546d173da|0|.0
Tags:
Orokorra
bilblogarik idatzita
2009(e)ko abenduak 23 08:51
Kaixo Bilbogariok.
Gogoratu!!!!
Sari banaketa gaur bertan da, abenduak 23, Bilboko Alde Zaharreko La Bolsa eraikinean, 19:00etan. Bertan jakinaraziko dira aurtengo saridunen izenak.
Hantxe itxarongo dizuegu guztioi.
Segi bizkor!

d2459753-f25e-4919-942e-6b122b6232cc|0|.0
Tags:
Orokorra
bilblogarik idatzita
2009(e)ko abenduak 15 12:03
Kaixo Bilbogariok. Berriz, mila esker parte hartzeagatik lagunok. Orain zuen lana saritzeko ordua iritsi da.
Sari banaketa abenduaren 23an izango da, Bilboko Alde Zaharreko La Bolsa eraikinean, 19:00etan. Bertan jakinaraziko dira aurtengo saridunen izenak. Hantxe itxarongo dizuegu guztioi.
Segi bizkor! Bilblogari

4e916360-5200-4a71-92a8-d1a9422969b3|0|.0
Tags:
Orokorra
bilblogarik idatzita
2009(e)ko azaroak 2 13:59
Hamazazpigarrena heldu da azaroarekin batera. Gero eta gehiago gara Bilblogari lehiaketan, eta gero eta post interesgarriagoak irakurtzen ari gara eten gabean.
Badakizue, oraindik baten batek izena eman nahi badu, azaro hilabetea luzea izango da horretarako, beraz, animo eta jarri martxan!, blogatu zaitez!

113ba83c-77e0-47a7-8081-19f8fbdf4ca1|0|.0
Tags:
Orokorra
bilblogarik idatzita
2009(e)ko urriak 19 12:40
Beste parte-hartzaile batzuek eman dute izena gure lehiaketan. Hemendik gure eskerrik beroenak eta besteei animo, oraindik garaiz zabiltzate eta!
Batzuk koloreekin maiteminduta daude, beste batzuk txinboekin eta ezkiekin, eta zirimiriaren efektuak aurrera darrai. Bideoren bat ere ikusgai duzue honezkero. Denetarik. Sartu eta ikusi

bd41b604-f052-4c73-bdc0-51e799e34d2a|0|.0
Tags:
Orokorra
bilblogarik idatzita
2009(e)ko urriak 1 12:45
Gaur aurkeztu dugu Bilblogari. Martxan da. Ana de Castrorekin batera Nontzeberritarrok bildu gara, eta lehiaketaren nondik norakoak azaldu ditugu han bildu diren hedabide guztien aurrean.

Orain zuen parte-hartzearen zain lotuko data. Badakizu Blogatu zaitez!!

baca2316-3bab-494b-9fbd-24a2f9b35990|0|.0
Tags:
Orokorra