Bilblogarik idatzita
2009(e)ko irailak 23 12:43
Bilboko gazte euskaldunei zuzenduriko blog lehiaketa.
Bilboko Udaleko Euskara Sailarekin elkarlanean, Nontzeberri kultura atariak BilBlogari Bilbo Handiko 15 eta 30 urte bitarteko gazte euskaldunei zuzenduriko blog lehiaketa abiatuko du 2009ko azken lauhilekoan.
Ekimenaren helburua, euskara, gazteak eta teknologi berrien uztarketa sustatzea izango litzateke, beti ere euskararen erabilera gazteen artean areagotzeko asmoz. Ez hori bakarrik, halaber, lehiaketa honen bidez gazteen parte-hartzea ere nabarmenduko litzateke, eta partaidetza gazte hori euskalduna izango litzateke.
Lehiaketan nahi duen orok esku hartu ahalko du eta hiru atal izango dira: blog pertsonalak, taldeko blogak, eta tematikoak. Atal bakoitzean Interneteko bitakora onena sarituko litzateke.
Horretarako, honako irizpide hauek baloratuko dira: euskararen maila, kalitate literarioa, diseinua, gaurkotze maila eta originaltasuna. Azken iripizde horren harira, blog originalenak ere bere sari berezia izango du.
Gure asmoa, gazteek sutsuki maite dituzten teknologia berriez baliatzea da, euskara adin tarte eta esparru birtual horretan sustatzeko asmoz. Era berean Bilbo Handiko gazteen parte-hartzea ere bultzatu nahi da, haien blogetan biltzen dituzten kezka, iritzi, ekimen eta ideien bidez, betiere euskara dela hizkuntza nagusia.
