IKUS-ENTZUN

“Ecozine” Nazioarteko Zinema eta Ingurumen Jaialdia, Iruñean

Iruñeko Udalak eta Ecozine Kultur Elkarteak Ecozine Nazioarteko Zinema eta Ingurumen Jaialdia antolatu dute maiatzaren 24tik 27ra. Saioetan, nazioarteko dokumentalak eta film laburrak proiektatuko dituzte, eta ondoren eztabaidarako saioa zabalduko dute.

Egunotan ingurumenarekin lotutako ikus-entzunezko ekoizpenak pantailaratuko dituzte: “sentitzeko, hausnartzeko eta jarduteko gonbidapena da, zinema aldaketa eta eraldaketa sozialerako arte gisa erabiliz”.
Aurtengo egitarauak tokikotasuna eta natura galdua izango dira zikloaren ardatza. Hala, nabarmentzekoak dira Oskar Alegriaren Zumiriki (2019) eta Maddi Barberren Urpean Lurra. Lehena egilearen iraganera joateko aitzakia da. Aspaldian erdi abandonaturik dagoen Goriza-Iriberri aldera itzuliko da sortzailea, Artazu ingurua, haurtzaroko oroitzapenei jarraika. Arga ibaiaren erdian kokatutako irla txikia zen Zumiriki, garaiko jolas eta abentura guztietarako tokia. Gaur egun ez dago irlarik. Ibaiak jan egin du, baina zinemagilearen memorian iltzaturik segitzen du. Garai haiek berpizteko, 2018ko maiatzetik abuztura txabola bat eraiki zuen bertan eta bere bizileku bilakatu zuen. Filmean hilabete horietan bizi izandakoak dira lanaren ardatza eta korapiloa. Filma hainbat zinemalditan izan da eta aipamen bereziak jaso ditu. Hala,  Genoako Nazioarteko Zinema Mostraren Urrezko Usoa eskuratu du, eta Portoko Family Film Project festibalean bigarren saria ere jaso zuen.

Maiatzaren 25 eta 26ko saioek nazioarteko kutsua izango dute. Asteartean, hilaren 25ean, Tania Hernandez Velascok 2018an zuzendutako Titixe dokumentalarekin Mexikora bidaiatuko du ikusleak. Asteazkenean, hilaren 26an, 2019ko The Price of progress (Garapenaren prezioa) proiektatuko dute, “sektore horretako funtsezko aktoreen azpijokoak, beldurrak, emozioak, presio politikoak eta argudioak aztertzen dituen elikagaien industriaren erabaki-hartzearen erretratua”.

Programazio guztia ikusteko: Ecozine

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button