LITERATURA

Izagirrek eta Canok lan berriak aurkeztuko dituzte datorren astean

Durangoko Azokaren ateak zabaldu baino bizpahiru egun lehenago, Susa argitaletxeak Koldo Izagirreren eta Harkaitz Canoren nobela berriak aurkeztuko ditu, azaroaren 30ean eta abenduaren 1ean, hurrenez hurren.

Twist izenburua dauka Harkaitz Canoren nobela berriak, eta diogun bezala datorren asteko ostegunean, 11:00etan, aurkeztuko dute Donostiako Udal Liburutegiko sotoan.

Lan horretan Harkaitz Canok honelakoak kontatuko dizkigu: Soto eta Zeberio bahitu, torturatu, hil eta desagerrarazi egin zituzten. Diego Lazkano idazleak gogoan betiko txertaturik daramatza bi lagunak, ezin ditu oroimenetik uxatu, bi itzal haietatik elikatzen ari da hogeitaka urtetan, Soto eta Zeberioren ordez bizi ote den zalantzarekin, haien ordez bizitzea balitz bezala bere erantzukizuna. Obran, errua, maitasuna, traizioa, sexua, indarkeria, lotsa, justizia, erredentzioa, usurpazioa, antzezpena… eta horrelakoak dira kontakizun laster eta zabal honetako hariak, baina denen gainetik nagusitzen da adiskidetasunari egindako kantua.

Beste aldetik, Koldo Izagirreren Egarri egunak portualdean nobela azaroaren 30ean aurkeztuko dute toki berean.
“Egarri egunak, bai, 1977ko uda hartakoak: asean gozatu nahi ditu gazteria matxinatu batek askatasuna, maitasuna, berdintasuna, edertasuna. Egarri anitz honek gatazkan murgilduko du heziketa sozial eta sentimentalean aurreneko pausoak ematen ari den protagonista, hats kolektiboaren eta indibidualismoaren artean bere ezintasun, ahuldade eta ametsekin, gizontasun berri baten bila.”

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button