ESZENA

Baigorrin makina bat kontu “Kulturaldia” programan

Gaur hasita eta datorren hil osoan zehar, Baigorrin makina bat kontu interesgarri antolatu dituzte bere Kulturaldia programaren barruan.

Gaur, maiatzak 28, hasiko da programazio kulturala, 18:00etan, Herriko Etxean, Koldo Zuazo hizkuntzalariak egingo duen Baigorri eta Ortzaize ibarretako euskara liburuaren aurkezpenarekin.

Asteburuan ere beste hitzordu  bat izango da. Hala, igandean, maiatzaren 30ean, 11:00etan, Bixentaenean, Dom Campistron ilustratzaileak Bekatorosak liburuaren aurkezpena egingo du. Berarekin batera Maialen Lujanbio eta Maddi Ane Txoperena bertsolariak izango dira.

Ekainera salto eginez, ekainaren 4an, 19:00etan, Plaza Xokon, Axut! konpainiak Amua antzezlana oholtzaratuko du. “Anak, bere gaztaroko bi maitale ohi gonbidatu ditu Iratiko etxola batera. Azken asteburu bat, izan zirenaren eta amestu zutenaren izenean. Aitor eta Txolarre etorriko dira bai, baina bata eta bestea ez dira jakinean hiru izanen direla. Elgar asko maitatu dute, elgar asko maite dute, baina zaila da hain intimoa den hori partekatzea. Esklusibotasuna, erromantizismoa, egoa, jabetza, ohitura, kultura, hezkuntza alde batera uztea, asteburu bakar batentzat bada ere. Askatasunaren utopia azkenekoetan dela erran izan zaigu hainbatetan, baina, maitasunaren izenean, noraino joan gaitezke?”

Ekainaren 6an, 18:00etan, Plaxa Xokon, musika izango da protagonista Ruper Ordorika eta Mugalaris taldeekin. Ekainaren 11n, 20:00etan, Biletxean, Josu Martinez zuzendariaren Ama (2018), Anti (2019) eta Subandila (2021) film laburrak pantailaratuko dituzte.
Azkenik, ekainaren 20an, 16:00etan, Ezker Paretan, Izan baita ikusgarriarekin gozatu ahalko dute ikusleek.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button