LITERATURA

Eako Poesia Egunak izango dira asteburuan

Eako Poesia Egunak Herrijeri Emon Arnasa kultur elkarteak antolatzen ditu bertako herritarren, zaleren eta idazle askoren laguntza paregabearekin. Aurten uztailaren 13tik 15era bitartean gauzatuko dira jardunaldiok, Poesia Hutsa edo Azukreagaz? izenburupean.

Uztailaren 13a, barikua, Xabier Amurizaren Arestiren koplak ahoan izeneko hitzaldi eta errezitaldiarekin hasiko da. Arestiren bertsoak eta bestelako lerroak nahastuko ditu bertsolariak. Gauean rap, Aresti eta euskara uztarturik Norte Apacheren eskutik.

Larunbata izaten da beti egunik interesgarriena eta potoloena. Mikel Elortzak ekingo dio egunari Lp bat poema hitzaldiarekin, non kanta bihurtu diren poema asko destripatuko dituen.

Geroago, Yolanda Castaño, Jon Gerediaga, Ione Gorostarzu eta Iñigo Astiz poetek poema pertsonalak irakurriko dituzte. Arratsaldean, Mikel Lasa gure artean solasaldi musikatua eskainiko du Edorta Jimenezek, noski! Mikel Lasa bertan izango delarik.

Iñigo Aranbarrik honetarako propio egindako testu batean oinarritutako Munduan beste antzerkia ikusteko parada egongo da 19:00etan, gure identitatea zer den hausnartu ahal izateko. Eta gauean, Ruper Ordorikak kontzertua elegantea eskainiko du Sarrionandiaren poemekin eginiko kantez osatua.

Uztailaren 15ean, domekan, Yolanda Castaño poeta galiziarra bere poetikaz arituko da, eta horren ostean, Leire Bilbaok poema errezitaldia egingo du kaleratu duen azken lan itzelari buruz: Scanner.

Jardunaldioi amaiera emateko, Mikel Ayerbe, Ibon Egaña, Angel Erro, Kattalin Miner eta Juanjo Olasagarrek Ez dok/n armairu poema errezitaldi irreberentea egingo dute.

Egitarauaren xehetasun gehiago jakin nahi izanez gero, sartu eakopoesiaegunak.com webgunean.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button