ESZENA

“Bake Lehorra”, Tartean Teatroaren antzezlana ikusteko aukera

Bilboko Pabellon 6 aretoan, Tartean Teatroaren Bake Lehorra antzezlana ikusteko aukera izango da irailaren 29an eta 30ean, 20:00etan.

“Antzezlanak XIX. mendeko gerra zibil batez hitz egiten digu, euskaldunen artekoa, gure etorkizuna baldintzatu zuena. Gaur egun darabiltzagun kontzeptu asko, ezker-eskuma, liberalismo-integrismoa, erligio-laizismoa, espainolismo-fuerismo-independentismoa… gerra zibil haietan gorpuztu ziren. Duela gutxi arte pairatu dugun gatazka armatua, orduko sute horien txingarretatik sortu zen. Nor garen, nondik gatozen eta norantz goazen ulertzeko, ezinbestekoa da orduan gertatu zena jakitea”.

Amorebietako Ituna, Bigarren Gerra Karlistan bakea ezartzeko ahalegin bat izan zen, gerra piztu eta hilabete gutxira. Itun horrekin ez zen inor kontent geratu, ez karlistak, ez liberalak. Aste batzuk geroago, alde biak gerran murgildu ziren berriro. Anaien arteko gerra, odoltsua, basatia, lau urtez luzatuko zena.
Bake Lehorra gertaera horren eszenaratzea da. Gure historian garrantzitsua bezain ezezaguna den gertaera, hain zuzen. Kontakizuna erudiziotik eta historizismotik aldentzen da, eta giza harremanetan jartzen du fokoa, alde emozionalean.
Eta honela laburbil liteke: “Zenbat eta gorago joan gizarte mailan, handiagoa da sarraskian duten erantzukizuna. Zenbat eta beherago joan, handiagoa da sarraskiak sortutako sufrimendua, erremina eta gorrotoa”.
Bake Lehorrak gogora ekarriko du erreza dela gerraren metxa piztea, eta aldiz, oso zaila dela itzaltzea. Gerra zaharren gaizki itzalitako txingarrek gerra berriak berpizten dituztela.

Patxo Telleria da dramaturgiaren eta zuzendaritzaren arduraduna, eta Aitor Borobia eta Aitor Fernandino dira aktoreak.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button