EZLEKUBAT

Rockumentalak!: “Musikazaleak izateaz gain, zinemazaleak ere bagara”

Zarauzko I love Rock elkarteak antolatu ohi duen Rockumentalak! musika-dokumentalen zikloa bihar, maiatzak 29, hasiko da: Nick Cave musikari australiarraren inguruko 20.000 Days On Earth dokumentala pantailaratuko da, 22:00etan, Modelo Aretoan. Emanaldiaren ostean, kontzertua izango da: Cabezafuego y Los Brutales nafarrak.

Zikloak, gainera, Mikel Laboa omenduko du, ekainaren 5ean, Mikel Laboa: 1934-2008 izenburuko dokumentalarekin, Laboaren alargun Mari Sol Bastidak aurkeztuko duena. Hori gutxi balitz bezala, Karlos Osinaga (Lisabö), Javier Manterola (Lisabö), Maite Arroitajauregi (Lisabö, Mursego) eta Martxel Mariscal (Beti Mugan, Lisabö) musikariek Deusoideak izeneko egitasmoa osatu dute emanaldia biribiltzeko.

Egitaraua beste hiru hitzordurekin osatuko da: ekainaren 6an, Luke Winslow-King filma eta Joseba B. Lenoir Gang bandaren emanaldia; 12an, The Creation diskoetxe mitikoari buruzko Upside Down: The Creation Records Story, Iñaki Orbezuak aurkeztua, eta Perlak talde zarauztarraren kontzertua; eta, azkenik, Freddie Mercury: The Great Pretender dokumentala, Irantzu Karrerak aurkeztua, eta Los Jambo taldearen emanaldia.

Xabier Fernandez I Love Rock elkarteko kidearekin solastu gara, zikloaren berri izateko.

Aurten, zortzigarren edizioa abiatuko duzue? Nola baloratzen duzu hasieratik gaurdaino egindako bidea?

Horrela da, dagoeneko zortzigarrena da! Guztiz positibotzat jotzen dugu gure ibilbidea. Nahiz eta ikusleen zifrei erreparatuz gero, gora-behera arinak izan ditugun. Zikloak izan duen eragina ikuspegi orokor batetik begiratuta (ez mediatikoki bakarrik) in crescendo joan dela esan dezakegu. Rockumentalak! jaio zen hasierako ideia lantzearekin saiatuak eta konstanteak izan gara eta marka bat sortu dugulakoan gaude. Horregatik guztiarengatik biziki pozik gaude, eta ez da gutxi!

Zortzi urte horietako zein kontzertu edo emanaldi azpimarratuko zenuke?

Zaila da erantzutea, izan ere, egon izan dira gurean ilusio berezia egiten diguten taldeak, baina azkenean, gehien gogoratzen dugun kontzertua nahita ez, ikusleen aldetik erantzunik onena izan duena izan ohi da. Zentzu horretan, aipatzekoa da aurreko urteko edizioan izan genuen Joseph Arthur musikari amerikarraren kontzertua, baxuan REM taldeko Mike Mills zuena eta Bill Dobrow ezaguna baterian… kontzertu hori arrakastatsua baino gehiago izan zen, festa bat aretoan bertan! Rockumentalak ziklotik at, pasa den urrian izan genuen The Sadies-en kontzertuan ere, aretoa lehertzear izan genuen.

Aurtengo edizioaren harira, Laboaren dokumentala emango duzue, eta emanaldia osatzeko Deusoideak talde ekarriko duzue, Rockumentaletan aritzeko propio egindako taldea. Nola sortu zen ideia hori?

Guk hasieratik oso argi geneukan Laboaren dokumentalaren ondoren Karlos Osinaga nahi genuela jotzen, eta horrela proposatu genion. Ilusio handiarekin hartu zuen berak eskaintza. Taldearen formatua osatzeko askatasun guztia eman genion, eta hilabete hauetan zehar Karlosek Javi Manterola, Maite Arroitajauregi eta Martxel Mariscal sartu ditu Deusoideak izeneko egun bateko proiektu honetan.  

Aurtengo ediziotik besterik nabarmenduko zenuke?

Mikel Laboari egin nahi genion omenaldia egun handitzat dugun arren, egia da aurtengo ediziorako berrikuntza batzuk txertatu ditugula. Rockumentalak!-en irudia landu nahian, sarreren eta bonoen diseinua bereziki zaindu dugula esan dezakegu. Musikazaleak izanda, badakigu ikuslegoak sarrera polit bat ilusioz gordetzen duen objektua dela, eta bonoekin sortu dugun pack-ak ikusle fidel horiek saritu nahi ditugu, kultuzko objektu bat izan zitekeena eskainiz. Webgunearen irudia, era berean, hobea eta erabilerrazagoa da edukiak kontsultatzeko (programa, teaserrak…).

Uste dut hasieratik hasi zinetela proiekzioa eta kontzertua uztartzen. Ondo funtzionatzen duen formatua al da?

Ez da soilik ondo funtzionatze kontua, zinema eta zuzeneko kontzertuen diziplinak uztartuz eskaintza kultural berri bat izatearen nahia da I Love Rock elkartea jaiotzearen arrazoia. Duela zortzi urte Zarauzko espazio kulturalak honelako gabezia bat zeukala ikusi genuen, eta eduki eta formatu berriekin bete nahi izan genuen, aipatu bi diziplinak batuz. Aurtengo edizioan aldiz, formatua finkatu dugula esango genuke: alde batetik, lau saio eskaini lau ostiraletan (pelikula gehi set murriztuko kontzertua jarraian) eta larunbat batean, kontzertu-egun bat talde nagusi eta teloneroarekin.

I Love Rock du izena zuen elkarteak. Argi eta garbi nabarmentzen da musikazale amorratuak zaretela. Uste al duzue pasio hori funtsezkoa izan dela Rockumentalak! garatzeko? Uste duzue espiritu hori islatzen dela jaialdian?

Musikazaleak izateaz gain zinemazaleak ere bagara, eta programa ikusleari gustatuko zaion ilusioz sortzen da. Aldagai anitz daude zein talde eta film izango ditugun erabakiko dutenak (ekonomikoak, lizentziak…), baina beti ere zinema eta musika testuinguruko interes eta ezagutzetan oinarrituz, kalitatezko edukiak eskaini nahi ditugu. Horixe transmititu nahi izaten diegu ikusleei: guk ilusioz osatu dugun programa bat dela eskaintzen ari garena.

Dock of the Bay ere antzeko ekimena da. Duela hamar urte Euskal Herrian horrelako bi jaialdi izango zirela pentsatuko al zenuten? Ezta pentsatu ere, eta are eta gutxiago hain gertu sortuko zirenik. Askotan kasualitateak horrelako gauzak dauzka.  Dena den Dock of the Bay jaialdi bat da, eta gurea berriz, zikloa. Desberdintasun horrek, eta beste batzuek, bakoitzari geure lekua eta presentzia eskaintzen digute, eta ez dugu uste elkar birjartzen direnik. Ezagutzen dugu elkar eta harremana ona da; beraiek gustura daude eta gu ere bai. 

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button