BESTELAKOAK

Zuberoako maskaradaren argazkiak Derion

Maskaraden sasoia da, eta Zuberoa urrun egonik ere, antzerki herrikoi mota hau hurbildu nahi izan dute Bizkaiko Derio herrira, Jon Mikel Intsausti zumarragarrak, 1993tik 2007ra bitartean ateratako Zuberoako Maskaradaren argazkien lagin ederrarekin.

Jon Mikel Intsausti zumarragarra, beste asko bezala, liluratuta dago Zuberoako lurralde eijerrarekin eta hala urtero joan ohi da, maskaradak ikustera eta bertan sortzen den giroa argazkietan biltzera.

Hainbat urtez lorturiko irudi horiekin guztiekin erakusketa bat ondu du, Euskal Herriko hainbat txokotan maskaraden ikusgarria zertan den zabaltzeko.

”Maskarada Zuberoako neguko inauteria da, gidoi edo gertakari zehazteko ikuskizuna da, antzerkiko baliabideekin osatua. Goizean barrikadak egiten dira baserriz baserri, gero eguerdian izango den antzezkizun handia iragarriz. Herriko dantzari gazteek parte hartzen dute hainbat pertsonaiarekin batera. Pitxu da guztietan lotsabakoena, saltseroena, eta zirikatzaileena.

Zuberoara joateko abagunerik ez baduzue, Maskaradak hurbilduko ditu Derioko Kultur Birikak, otsailaren 27ra bitartean jarri den erakusketan.

Baina, maskarada sasoia denez, Zuberoako hainbat herritan ikusiko ditugu dantzari taldeak eta inauteri sasoiarekin zerikusia duten lagun guztiak. Joateko tarterik topatuz gero, aurten Gamere-Zihigako gazteek egingo dute, eta Larrainen, Irurin, Ligin, Atharratzen, Lakarrin, Alozen, Ozazen, Arrokiagan, Urdiñarbe eta Barkoxen izango duzue ikusteko aukera.



Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button