Nontzeberri kultura webguneak Nontzefilmak Zinema eta Animazioko Film Laburren Lehiaketa on-line jarri du martxan Bilboko Zinema Fantastikoaren Jaialdiaren ( FANT 2010 ) laguntzaz.

Animatu eta parte hartu!

Clint Eastwood

NONTZEFILMAK 2010 · ZINEMA ETA ANIMAZIOKO FILM LABURREN LEHIAKETA

Lehiaketaren Oinarriak

  1. Nontzeberri.com kultura webguneak Nontzefilmak Zinema eta Animazioko Film Laburren Lehiaketa on-line jarri du martxan Bilboko Zinema Fantastikoaren Jaialdiaren (FANT) laguntzaz.
  2. Nahi duenak parte har dezake lehiaketan, jaioterri eta bizilekua direnak direla, eta nahi adina lan aurkez ditzake. Parte hartzea doakoa da.
  3. Lanak zinemakoak edo animaziokoak izango dira, azken horretan animazio teknika guztiak onartuko direlarik (3D, Flash, stop-motion…).
    Lanak honako formatu bakarrean aurkeztuko dira: .flv. Artxiboak 10 Mb eta 3’30 minutuko iraupena (kredituak barne) izan dezake gehienez ere.
    Bestalde, filmaren irudi adierazgarri bat ere bidali behar duzu .jpg artxibo batean (116 x 98 pixel, -zabalera x altuera-), irudi honek 50 kb-ko pisua izan dezake gehienez ere.
  4. Euskaraz edo gaztelaniaz ez diren film laburrei azpitituluak (euskaraz, gaztelaniaz edo ingelesez) jartzeko gonbitea luzatzen diegu egileei, ahalik eta jende gehienak uler dezan.
    Halaber, filma aukeratua izanez gero, egilea azpitituluak euskaraz jartzera konprometituko da. Horretarako, lehiaketaren antolatzaileen laguntza izango du.
  5. Gaia librea izango da, baina lan guztiak originalak izan behar dira eta, lehiatzeko 2009ko urtarrilaren 1etik aurrera egindakoak.
  6. Lanak jasotzeko epea 2010eko otsailaren 26an (13.00 p.m., Bilboko ordua) amaituko da. Dena den, on-line lehiaketa denez, antolatzaileek izugarri eskertuko dute lanak lehenbailehen bidaltzea, jaso orduko nontzefilmak.com-en jartzeko internauten gozagarri.
  7. Zure filma aukeratua bada FANTen erakusteko, haren kopia bat bidali beharko diguzu erresoluzio altuan. Ondo legoke, bada, aldez aurretik prest izatea. Zure filma aukeratua bada, posta elektronikoaren bidez jakinaraziko dizugu. Gogoratu azpitituluak euskaraz beharko dutela izan, eta horretarako antolatzaileen laguntza izango duzula.
  8. Aukeraketa Batzorde batek hainbat film aukeratuko ditu eta FANT 2010 Bilboko Zinema Fantastikoaren jaialdian pantailaratuko dira.
  9. Lehiaketak honako sari hauek banatuko ditu:
    Nontzefilmak Saria Zinemako film onenari: 2.000 euro
    Zinemako bigarren Saria: 1.500 euro
    Zinemako hirugarren Saria: 900 euro
    Nontzefilmak Saria Animazioko film onenari: 2.000 euro
    Animazioko bigarren Saria: 1.500 euro
    Animazioko hirugarren Saria: 900 euro
    Era berean, Euskaraz eginiko lan onenak (zinemakoa zein animaziokoa izan) 1.000 euro jasoko ditu.
  10. Sarietako edozein gerta daiteke eman gabe gelditzea, epaimahaikideen iritziz aurkeztutako lanek behar adinako mailarik ez baldin badute.
  11. Parte hartzeak esan nahi du egileak aitortzen duela lizentzia, copyright, irudi-eskubide, soinu, tipografia, software eta erabilitako edozein tresnaren jabea dela. Parte hartzeak, baita ere, esan gura du egileak aitortzen duela bidalitako lanaren eta haren edukiaren arduraduna dela. Nontzeberri.com-ek ez FANTek oinarri hau ez betetzearren sor litezkeen erantzukizunik ez dute bere gain hartuko.
  12. Egilea da aurkeztutako lanen jabea. Dena den, parte hartze hutsagatik, egileak filmen komunikazio publiko, erreprodukzio eta zabalkunderako eskubideak uzten dizkie Nontzeberri.com eta FANT jaialdiari hurrengo lehiaketaren deialdia zabaldu arte. Halere, eskubideok luzatuko dira egileak berak ez badu aipatutako klausula bertan behera uzten. Denbora horretan Nontzeberri.com-ek filmak erabili ahal izango ditu erakusteko on-line eta off-line. Bestalde, irabazleek eta FANTek aukeratutakoek aipatu eskubideak uzten dizkiote betiko Nontzeberriri.
  13. Izen-ematea on-line egingo da, beren-beregi sortutako izen-emate orriaren bitartez. Izena emateko derrigorrezkoa da helbide elektroniko bat izatea, Nontzeberri.com-ekin harremanetan egon ahal izateko. Izen-emate orrian egilearen izen-abizenak, hiria, herria, helbide elektronikoa, webgunearen helbidea (webgune propioa izanez gero), telefono-zenbakia, unibertsitateko ikaslea den, filmaren titulua, formatua, iraupena, lanaren irudi adierazgarri bat .jpg artxibo batean (116 x 98 pixel eta 50 kb-ko pisua gehienez ere) eta haren laburpen txiki bat (50 hitz gehienez ere, euskaraz edo gazteleraz) sartuko dira. Bidaltzeko arazorik izanez gero edo, besterik gabe, zure lana sarean ikusten ez baduzu, jarri harremanetan gurekin nontzefilmak@nontzefilmak.com helbidean.
  14. Aurkezten diren lanak aukeraketa batzorde batek aurreikusiko ditu. Batzordeak bere gain hartzen du zeintzuk lanek parte hartuko duten eta zeintzuk ez erabakitzeko ahalmena.
  15. Epaimahaia antolatzaileek aukeraturiko ikus-entzunezko arloko lau adituk osatuko dute eta bere zeregina lan guztiak ikusi ondoren sariak erabakitzea izango da.
  16. Sariak FANT 2010ean jakinarazi eta banatuko dira. Irabazleen berri emango da webgunean, FANT 2010 amaitu eta berehala.
  17. Epaimahaiaren erabakiak behin betikoak eta aldaezinak izango dira.
  18. Nontzeberri.com-ek eta FANTek ez dute inongo erantzukizunik hartzen lanek jasan ditzaketen kalteengatik. Hala ere, lanak babesteko bere eskuetan diren neurri guztiak hartuko dituzte.
  19. Lehiaketan parte hartzeak esan gura du egileak oinarriok onartzen dituela.

    NONTZEBERRI. Suspergintza Elkartea Simon Bolivar kalea 8 B 48010 BILBO – Tel. +34 94 402 90 92 – nontzefilmak@nontzefilmak.com