ARTEA

“Hiri Asko Bere Baitan” argazki-erakusketa, Euskararen Etxean

Joan den ostiralean, martxoak 27, Hiri Asko Bere Baitan proiektuko argazki-erakusketaren inaugurazioa egin zen Euskararen Etxean. Erakusketa martxoaren 23tik maiatzaren 30era bertan izango da.

Proiektuko kideek adierazi duten bezala, “argazki-erakusketak, proiektuan zehar garatu dugun eta Bilboko ikuspegi berri bat ematen duen unibertso bisual-soinudun-literarioa biltzen du”.

Hiri asko bere baitan izeneko egitasmoa, Bilboko Udaleko Euskara, Gazteria eta Kirol Sailaren Gazteria zerbitzuak antolatutako Ideiak Martxan lehiaketaren saridun suertatu zen. Sorkuntza, Bilbo eta euskara ardatz hartuta, literatura, musika eta argazkigintza nahastu nahi ditu ekimen honek. Bertan, hiru adiskide daude: Aitor Gomez, Asier Olabarrieta eta Unai Villena.

“Bilboko zortzi barrutietan barrena bidaia eginez, gure irudimenarekin unibertso bisual, literario eta soinudun propioa sortu eta hiriaren ikuspegi berri bat eman gura dugu. Zortzi hilabete (2014ko apiriletik azarora arte) iraungo dituen sorkuntza prozesuan zehar, hiruon artean zortzi argazki-testu-musika-lan edo obra sortu ditugu, Bilboko barruti bakoitzeko bana. Obra hauek formatu ezberdinetan eman ditugu ezagutzara: birtualki (blog batean eta liburuxka digital batean) eta fisikoki (ikus-entzunezko emanaldi baten bidez, argazki erakusketa batean, eta liburuxka+CD batean). Blogean hilabetero publikatu dugu obra berri bat eta sare sozialetan ere izan gara” adierazi dute hirurok.

Joan den urtean, Okela Sormen Lantegian aurkeztu zen erakusketa hau. Eta beste aldetik aipatu behar da, bihar, Hiri asko bere baitan ikuskizuna egingo dutela Gasteizko Parral tabernan, 20.30ean, bertan ere Hiri asko bere baitan argazki-erakusketa aurkezteko.

Nontzeberrik kideei egindako elkarrizketa honetan irakurri ahal dituzue proiektuaren nondik norakoak sakonago.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button