ARTEA

Arantxa Urretabizkaiaren “Zuri-beltzeko argazkiak”

Gaur, azaroaren 25ean, goizeko 11:00etan, eta Donostiako Udal Liburutegiko sotoan Arantxa Urretabizkaiaren Zuri-beltzeko argazkiak izeneko lana aurkeztu dute, egileak berak eta Pamielako ordezkaria Jose Angel Irigarayk.

Egilearen hitzetan, “liburu honetan kontatu nahi dudanak, 1947an du hasiera eta 1960aren inguruan bukaera. Kontakizunaren osagai nagusia nire haurtzaroa da, baina ez da hori kontatu nahi dudana. Are gehiago, haurtzaro zehatz horren gauza asko ez ditut kontatu nahi eta ez ditut kontatuko. Beste batzuk, berriz, ahaztu egin zaizkit, garbitu egin ditu memoriak burmuinaren bazterretatik. Azken batean, gauzak geure modura oroitzen ditugu, norberaren burmuinaren gutizien arabera.
Hauxe da nire asmoa: nire haurtzaroan kokatutako tresnaz, argazkiak hartu dizkiot iraganari eta argazki horiekin kontatu nahi dut nola izan zen hezia gaur zahartzaroaren atarian dagoen belaunaldia, nolakoa zen bizitza, sasoi hartan, urte haietan, Donostiako bazterreko auzo apal batean bizi zen familia euskaldun, euskaltzale, antifrankista, kristau eta langile baten inguruan”.

Arantxa Urretabizkaia 1947an jaio zen. Kazetaria da lanbidez. Idazle gisa poesia idazten hasi zen eta eleberriekin jarraitu. Bereak dira Zergatik, Panpox (Hordago, 1979), Koaderno gorria (Erein, 1998), 3 Mariak (Erein, 2010) eta abar. Maitasunaren magalean poema liburuarekin lortu zuen Kritika saria 1982an eta 3 Mariak eleberriarekin sari bera 2010ean.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button