ESZENA

Kukai-Tanttakaren “Komunikazio-Inkomunikazioa”

Bihar, abenduak 14, Kukai-Tanttaka taldearen Komunikazio-Inkomunikazioa  lana ikusi ahalko da, Dantza Garaikidearen IX. Zirkuituaren baitan, Arrasateko Amaia Udal Antzokian, eta Donostiako Gazteszenan.

“Ikuskizun honetan, hitz egin ezin daitekeenari buruz mintzatzeko gogoa dugu… edo sentitzea kostatzen zaiguna sentitzeko gogoa edo imajinaezina imajinatzekoa…”.
Agertokian, pertsona desberdinak elkartu eta urruntzen dira, egote/izate hori azaltzeko hizkuntza desberdinak erabiltzen dituzte; hitza, mugimendua, begirada, kantua, tresna bat edo bi… dantza-pauso batzuk, isiltasuna, gertatzen ari denari behatzea…

“Proiektu hau Mikel Laboak irakatsi zigun zerbaitetik sortzen da; izan ere, askotariko ideiak, bizipenak eta abar hartzen dituen esparru ireki batean jolasten irakatsi zigun, haren Komunikazio Inkomunikazioa lanean bezala, eta hartan galdu eta ikertu nahi dugu. Ez da omenaldi bat, harekin ikasi genuen jolasean jolasten jarraitzea baizik” azaldu dute Kukai-Tanttaka taldeko kideek.

Konpainiak 2001. urtean ekin zion ibilbideari Deiadarra koreografiarekin. Lehen sorkuntza-lana taularatu ondoren hasi zuen Tanttaka Teatroarekiko lankidetza. Kukai-Tanttaka bikote paregabea da, eta ikuskizun apartak eskaini ditu, horien artean 1937, gogoaren bidezidorretatik (2002), Otehitzari Biraka (2005) eta Hnuy illa… (2008). Era berean, 2010etik aurrera Soka eta (Sok)2 ikuskizunak sortu ditu, 2011n Karrikan eta 2012an Out-in.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button