LITERATURA

Mikel Ayllonek XVI. Igartza Saria irabazi du

Igartza Sariaren aurtengo irabazlea Mikel Ayllon izan da Ez tiro egin anbulantziei izeneko eleberri proiektuarekin. Hala adostu dute, behintzat, Uxue Alberdi, Igor Estankona eta Xabier Etxeberria epaimahaikideek, XVI. deialdi honetan jaso diren hogeita bost proiekturen artean. Sariak 6.000 euroko laguntza eta lana argitaratzeko konpromisoa dakartza.

Mikel Ayllon Laudion jaioa da 1980an eta kazetari-lanetan aritu izan da, Hala Bedi irratian eta Gara-ren gazte gehigarrian, besteak beste. Aurretik liburu bat ere badu argitaratua, Gerezi gorrien garaia, Euskal Herriko gazte mugimenduari buruzko saiakera, Paul Asensiorekin batera idatzia.

Proiektu honetan ostera, nobela bat egiteko asmoa du, teknikaz ausarta, denbora kronologikoa irauli eta atzekoz aurrera kontatzen baitu istorioa, kartzela, misterioa eta maitasuna nahasten dituena.

“Nobela garaikide bat dela esango nuke beste ezer baino lehen. Aski gauza argia da garai baten amaiera bizi dugula: orain arte izan dugun munduari begiratzeko manerak krisi argia bizi du, eta errealitateak geroz eta arrakala gehiago ditu. Horren gainean hausnarketa egin nahi du liburuak, amaitzen ari den garai baten inguruan eta irekiko diren bidezidor berrien inguruan” esan du egileak.

Ondo bidean 2014 urte hasieran kaleratuko da liburua.

Joan den urteko deialdian Danele Sarriugarte suertatu zen irabazle, eta bere lanak aurki ikusiko du argia.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button