EZLEKUBAT

Nadia Barkate: “K.O.”

Nadia Barkate (Bilbo, 1980) artistak K.O. izeneko liburua plazaratu berri du eta jaiotze hau aprobetxatuz Garabat galeriak bere marrazkirik pertsonalenak bildu ditu abian jarri duen erakusketa berrian. Marrazki hauek 2006tik 2009ra bitartean egin ditu artistak.
Marrazkiotan inozentzia eta basakeriaren arteko mugan mugitzen da egilea. Lehen trazuan eginiko marrazkiak dira eta edozein dendatan topa daitezkeenak dira, izan ere, erabilitako materialak rotuladoreak, boligrafoak, paper arruntak izaten dira. Batzuetan eszena bereziak sortzen dira umore beltzez josiak. Zirriborroa eta benetako obraren arteko muga urtu egiten da eta ez dakigu zein den zein.
Nadia Barkate arte garaikideko hainbat galeriatan izan da bere lanekin batera. Carreras Mugica eta Windsor Kulturgintza galeriek hartu dituzte bere lanak. Paniks taldearen El Baile del Karramarro bideoklipean ere parte hartu du. Guzti hori gutxi balitz, MAHA rock taldean abestu ohi du eta ANTI Bilboko liburu-dendako bazkidea ere bada.

K.O. ilustrazioekin hornituriko liburua argitaratu berri duzu, eta era berean, zenbait ilustrazioekin osaturiko erakusketa paratu duzu Bilboko Garabat Galerian. Marrazki hauek inozentziaren eta basakeriaren artean kokatzen dira. Tarteko esparru hori aproposa da zure sormen lanerako?
Tira… hasiera batean egia da inozentziaren eta basakeriaren artean mugitzen naizela. Bi mutur horien arteko muga hori umoretsua iruditzen zait. Ez da jarrera kontziente bat, hots, marrazkiak egiten nagoenean, ez nau kezkatzen zein itxura grafiko izango duen amaierako emaitzak, trazuaz hitz egiten ari bazara.
Harreman hau alde figuratiboari dagokionez egiten baduzu, esango nizuke gehiago obsesionatzen nauela buruan daukadan irudia kanpora ateratzea, batzuetan obsesionatzen nauelako, besteetan obsesionatzeaz gain, molestatu ere egiten nauelako. Guzti hori azaltzeko dudan modu onena da hau.
Inoiz esan diot norbaiti: “Adi, oso astapotroa bainaiz”, eta norbait horrek beti pentsatzen du kontrakoa; ez du sinesten. Hortaz, ez omen naiz, benetan garrantzitsua dena bestearen iritzia baita.

Birziklaturiko materiala, errotulatzaile, boligrafoak, eta abar erabiltzen dituzu zure lanak sortzeko. Lan horiek, halaber, zirriborroaren eta obra amaituaren arteko marjinan kokatzen dira. Ematen du ez daudela erabat bukatuta…
Ez da birziklaturiko materiala, material berri-berria da, eta portzierto, nahikoa garestia, ez dakizu nola dauden prezioak, errotulatzaile batek kostatzen duena eta zein azkar amaitzen den. Tira, garagardo bat ere garestia da; jada kasik ez naiz tabernetara joaten.
Lana borobiltzeari buruz ez dakit zer esan. Izan daiteke inoiz ez dudala jakin marrazki bat amaitzen, ez baita gauza erraza, sinetsi iezadazu. Ordu erdi ematen diozu edo bi aste. Ez da gauza erraza. Inoiz ez dakizu noiz dagoen bukatuta. Uste dut marrazteari uzten diozula marrazkiari begiratu ordez, marrazkiak zuri begiratzen dizula sentitzen duzunean. Nortasun propioa duenean eta zurea izateari uzten dionean. Amatasunaz ari naizela ematen du, baina ez da hori nire asmoa.

Umorea ere  badirudi funtsezkoa dela zure artelanetan. Aurretik pentsatuta sartzen duzu edo lanean ari zaren bitartean ateratzen zaizu?
Umorea, orokorrean, garrantzitsua iruditu izan zait betidanik. “Basakeria eta inozentzia” aipatzen zenuen galderarekin badu zerikusirik, pertsona oso serioa naizela uste baitut. Ahizpak bai dakiela txisteak egiten eta jendea entretenitzen, ikaragarri ondo egiten du. Baina nik ez daukat horretarako dohainik, behintzat zuzenean. Txantxa bat eginez gero,  harrapatzen ez duen horietakoa naiz.

El Baile del Karramarro kantuaren klipa ere egin zenuen zure marrazkietatik abiatuz. Eroso sentitzen zara diziplina desberdinetan lan egiten?
El Baile del Karramarro Paniks Bermeoko eta Barakaldoko bandari eginiko animaziozko klipa da. Panik Piknik diskoaren azalean ere sartu nituen nire marrazkiak.
Bideoklipa hiru pertsonen artean egin genuen, lanak eman zizkigun, lantalde barik ezinezkoa izango zen egitea. Marion Cruza, Eider Gutierrez eta hirurok egin genuen. Hiru pare eskurekin marraztu genuen. Youtube webgunean arrakasta handia lortu zuen zenbait astetan. Jaialdiren batetik ere deitu ziguten, baina ez zen ezer berezirik gertatu. Normaltasuna itzuli zen gure bizitzetara… eta gero beste proiektu batzuk agertu ziren.
Bestalde, oso eroso sentitzen naiz lanean diziplina ezberdinetan. Nik uste, niretzako jarduera guzti horiek berbera direlako izango dela. Egiteko modu ezberdinak, baina funtsean gauza bera dira, beste erabilera batzuk eman arren; erakusketa edo bideoklip baten arteko diferentziaz ari naiz.

Izan ere, zure curriculumari begiratua bota ostean, ondoriozta daiteke nahikoa lan egin eta gainera, zure obra sarritan erakutsi duzula esparru artistiko ezberdinetan. Pribilegiatua sentitzen zara horrenbeste erakusketa egin dituzulako? Artista askok zailtasun handiak dituzte haien lana erakusteko.

Pribilegiatua sentitzen naiz lan egiteko beharrezko ditudan bitartekoak gertu ditudalako; energia nahikoa eta osasuna edukitzeagatik, batez ere nire lan artistikoa egiteko -zeinak oraindik ez didan mozkin ematen, alderantzizkoa baizik- eta neure buru sustengatzeko dudan lana batera egin ahal izateko. Errealitate hori, jada, honetan aritzen den gehiengoak ezagutzen du. Jende horrek bizi-indarra behar du baldintza honen zoritxarrari aurre egiteko.
Horretaz gain, ez naiz kexatzen nahi dudana egiten baitut, eta hori asko da… Hori da nire desioa osoa. Batzuetan errazagoa izatea gustatuko litzaidake niretzat eta besteentzat, baina nahiago dut bide horietatik ez galdu.
Satisfazioa lan egiten lortzen da, ordaindua izan ez arren. Ez dago jende askorik baldintza horiek onartzen dituztenik. Erakustea lanaren ondoren datorrena da. Gainera, ez dut uste horrenbeste erakusketa egiten dudanik…

Zure jarduera frenetikoarekin jarraituz, MAHA taldeko kidea ere bazarela ere nabarmendu behar da. Oraintsu Dinero izeneko lana argitartu duzue. Zer moduz taldea eta nola ikusten duzu zeure buru kantari lanetan?
Ba, zer esango dizut ba. 2003 urtetik ari gara taldearekin, eta musikarekin artearekin baino denbora gehiago daramat tentelkeriak egiten.
Gure lana argitara atera zen diskoa kaleratu genuen egunean. Disko horretan hiru urtez egon gara lanean. Grabaketa prozesua pixka bat geldoa izan da. Geuk egin genuen guztia, beste gauza batzuetan lanean geunden bitartean. Bestela asko jo dugu. Eta orain gauzak ondo ateratzen ari dira. Kontzertuak eskaintzen ditugu, gehienetan tokiko lokal txikietan. Gure musika-jaialdi propioa antolatzen dugu, La Zienaga, urtean behin eta horrela geuk erabakitzen dugu zein talderekin nahi dugun jo.
Abeslari alderdiari dagokionez, esan ahal dizut azken boladan horrenbeste kontuetan aritzeak ahaleginak eskatzen dizkidala, eta halere ez diot utzi nahi, kantatzea ondo sentiarazten bainau, eta oso alai jartzen nau.
Egia da ere, denborak aurrera egin ahala gutxiago kostatzen zaidala, ohituta bainago. Patinetean ibiltzea bezalakoa da, onera edo txarrerako, abiadura handia hartuz gero ez zara jabetzen, baina gutxi gora behera kontrolatzen duzu ibilgailua.

Horrenbeste kontutan aritzen zarela aintzat hartuz, nondik datorkizu inspirazioa?
Iturri berdinetik. Ez nabil txantxetan.

Zure jarduera-eremua Bilbo da gehien bat. Gainera, zure lan artistikoaz gain, ANTI hiriko liburu-denda interesgarrienetarikoan egiten duzu lan. Uste dut zure iritzia baliagarria dela hiriaren diagnostiko kulturala egiteko.
Ez dakit perspektiba nahikoa dudan nire hiriaren diagnostiko kulturala egiteko. Esan diezazukedana da liburu-dendatik jende asko igarotzen dela. Liburuetan interesa duen jende asko dago. Egiten ditugun ekintzetara ere jende nahikoa dator; ekintza bakoitzak bere publikoa dauka. Ez da ahaztu behar zein txikia den Bilbo.
ANTIn hiru urte daramatzat lanean. Kooperatiba gisa elkartu gara, eta ikasten ari gara etengabe. Ez dugu beste sentsaziorik. Sarritan jendeak aholkua eskatzen digu liburu bati buruz eta guri aholkuak ematen amaitzen dute beste horrenbeste libururen gainean. ANTIko fondoa gure buruetatik dator eta hemendik datorren hainbat lagunena eta gero eta handiagoa izaten laguntzen dute.
Honek asko optimizatzen ditu gauzak. Modu honetan lan egiteak asko asebetetzen gaitu, eta enpresa oraindik ez dago oso finkatuta. Hortaz, lan asko gelditzen da egiteko, eta asko ikasteke.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button